EMAKUMEKA FOLKLOREAN MAHAI INGURUAREN KRONIKA



Atzoko ilunabarrean Emakumeak Folklorean mahai inguru jendetsu eta interesgarria egin zen Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Baztango Udaleko Berdintasun Batzordeak antolaturik Araitz Rodriguez antropologoa eta FARAPI gizarte antropologia aplikatuko kidea, Oier Araolaza dantza ikerlaria eta antropoloa eta Miren Aranguren Bilgune Feministakoa aritu ziren. Hitzordua atsaldeko 7:30etan hasi eta ia 10ak artio luzatu zen. 45 lagun inguru bertaratu ziren. 

Araitz Rodriguezek besten garrantzia azpimarratu zuen, bestak herri guztietako momentu garrantzitsuak direlako eta horietan herriaren autoafirmazioa, komunitatearen indentitatea berresten eta indartzen direlako. Hortaz, bestetan talde horren baloreak eta mundua ikusteko modua baieztatzen da. Horren haritik, Miren Arangurenek, gurea jendarte patriarkarra izanik bestetan ordenu patriarkarra birsortzen dela ohartarazi zuen: diskriminazioa, rolen banaketa, hierarkia…Horrela emaztekiek eta gizonkiek bestak modu desberdinean bizi dituzte: parte hartzean, antolaketan, gozamenean… Bistan denez emaztekiek desabantailan eta bigarren planoan bizi dituzte bestak.

Hala, eta mutil-dantzak zuzenean aipatuta, Oier Araolazak tradizioaren gaia mahai-gainerat atera zuen. Horren haritik Iparraldeko Muxikoak aipatu zituen. Baztango mutil-dantzak bezala “muxikoak” mutikoen dantzak dira, baina gaurgero herritar guztiek inongo arazorik gabe dantzatzen dute. Horrela, tradizioaren ezaugarri nagusia aldaketa dela azpimarratu zuen Oierrek, etengabeko aldaketa eta garai bakoitzarat egokitzea. Ildo horretan, mutil-dantzei buruz garai batean dantza hauek mutilenak soilik zirela erran zuen eta orain, mutiletaz gain, ezkonduek, bananduek, arrimatuek… dantzatzen dituztela.

Bertzalde, bestetan eremu publiko eta pribatuaren arteko bereizketa nabarmena dagoela erran zuen Miren Arangurenek; eta, eremu pribatuan eragitea aski zaila dela. Eremu horretan hain zuzen, bestetako atorrak garbi eta txukun kontzeaz arduratzen da norbait, otorduak prestatzeaz… Biztartean plazan, bertze batzuk egoten dira. Bistan denez, eremu pribatuan garbiketan, sukaldean e.a. emaztekiak egoten dira, eta gizonkiak berriz bertze eremuetan.

Araitz Rodriguezek ere, ohiturazko ekitaldi batzuetan nesken parte hartzea eman daitekeela aipatu zuen, baldin eta ekitaldi horiek gainbeheran badaude; horrek bertze behin emaztekien subordinazioa agerian uzten du; hau da, ekitaldi batek garrantzia galtzen duen neurrian andreek ere parte hartzen ahal dute, gizonkiek baino garrantzi sozial ttipiagoa dutela bertze behin nabarmen utziz.

Mahai-inguruan gogoeta aise gehiago eta sakonagoak egin ziren. Nolanahi ere den, hiruek ere garbi zuten neskek mutil-dantzetan parte harzeko eskubidea dutela.