PRENTSA BALIATZEN JAKIN


Gaur Federico Krutwigek 91 urte beteko zituen. Badakit ez dela urte borobila, baina berdin zait! Egun aproposa iduritzen zait pertsonaje berezi honen konturen bat botatzeko. Baten bat bakarrik.
Bere bizitzaz gutti dakit. Euskal idazle eta politikaria izan zela. Bere lanaren berri haundirik erez. Vasconia izan da leitu dutan bakarrenetakoa. 1963an argitaratu zuen. Ni oraindik existitu ere ez nintzelarik. Baina modu ta ikuspegi iraultzaileaz kontatzen du Euskal Herriaren historia. 
Sabin Aranaz geroztik garatu zen nazionalismoaren kritika zorrotza egiten du, bertze abertzaletasun mota batez solasten da, mugimendu antikolonialisten bidetik.
Berak lapurtera klasikoa proposatu zuen euskara batuaren oinarri gisa. Hortan ere berarekin bat. Euskarazko idazlan guzietan eredu horixe bera erabili omen zuen. Euskaltzaina zen eta berak proposatu zuelarik hasi ziren bilkurak euskaraz egiten. Euskaltzaindian!!!
Vasconia libururat itzuliz, anekdota bat zen kontatu nahi nuena. Liburu hau ETAren inspirazio iturri gisa ikusten zuen Franco diktadore espainiarraren poliziak. Pentsa!!! Egia da Euskal Herrian gerra ondoko belaunaldiak inarrosi zituela liburuak. Debekatua zen.
Baina horra zein kaikuek. Manuel Fraga Iribarne jaunaren kalkulu txarrei esker izan zuten euskaldun aunitzek liburu  horren berri.
Fraga garai hartan Francoren gobernuko Informazio eta Turismoko ministroa omen zen. Jendearen irizpidea moldatu eta gidatzeko, hau da, manipulatzeko, propaganda-astekari bat argitaratzea okurritu zitzaion: El EspaƱol izenekoa. Eta non eta aldizkari hortan hasi ziren publikatzen, Krutwigen Vasconia-ren zati hautatuak. «Los delirios del separatismo» deitzen zuten atal hura. Hantxe euskal politika, eroen delirioak zirela agertu nahi zuten.
Eta horra non, Euskal Herriko gazteria liluratzen zen delirio haiekin. Gure historia zaharra modu berrian kontatzeaz aparte, gertakari hurbilak interpretatzeko modu tremendista eta zirikatzaile hartan egi sakon aunitz erraten zituelako, aunitzen begiak edekitzeko.
Krutwigek askatasunaren aldeko borroka, euskera, unibertsaltasuna eta kultura predikatzen zituen. Eta euskal gazteriak modu hortako mezuek nahi eta behar zituen.
Bistan da erdal eta eskuindar prentsa manipulatzailea baliatzen jakin zutela garai hartako gazteek.
Luixi Larrea