"BAZTAN BERRI BAT GALAXIAN" IRITZI ARTIKULUA

Zugarramurdiko sorginek desagerrarazi al zuten Elizondoko plazako kioskoa? Baztango arratsalde sargori hartan, beroarekin lehertu, eta harriari gaitzen bat sartuta hondatu ote zen pixkana? Urakanen batek eraman ote zuen gauez? Eta, hala bada, saiatu al dira hura bilatzen ingurumarietan? Udal gobernua saiatu al da igarle jakintsuren batekin egoten, kioskoa non ote den jakiteko? Gaztigatu al die Foruzaingoari eta Guardia Zibilari nondik nora desagertu den kioskoa? Herritar batzuek diote Belateko zeru gainean dirdira bitxiak ikusi zituztela, zortzi minutu bederen iraun zutela eta orduantxe gertatu zela kontu izugarri hura, segur aski ere objektu hegalari ezezagunen bat zela medio. Delako espazioko zer horiek eraman ote zuten gure kioskoa, galaxian Baztan berria eratzeko? Eta, horrela gertatu zelako hipotesirik baldin bada, armadarengana jo du inork horrelako gertakizunez okupatzen den sailak iker dezan? Arraioa, badaki inork zer gertatu den Elizondoko plazako kioskoarekin?

Gatozen epaile kontuetara: Elizondoko Foruen plaza berritzeko ideien lehiaketan puntu gehien atera zuenak (Lurra BZT, 72,85 puntu) kioskoa plazan uzteko asmoa agertu zuen, baina beheraxeago ekarrita. Horretaz landara, platano arbola batzuk ere hor uztea proposatu zuen, baita Baztango harri losak uztea ere, baina asentua erabat hobetuta. Espedientean zetozenak “proiektuaren behin betiko txostenean” kontuan hartzea komeni zela idatzi zuen udal arkitektoak.

Baina ailegatu zen zorigaitzeko eguna, 2009ko abuztuaren 28a, eta lehiaketako epaimahaiak zera erabaki zuen: ideien lehiaketan bigarrena gelditu zena hautatzea proiektua gauzatzeko (Billantzikotik Zortzikora taldea, 69,24). Aldi horretan, 88,312 puntu eman zizkioten talde horri, eta hari egokitu zioten lana. Kontua zer da: lehiaketako epaimahaiak ez ziela bi kideri gaztigatu egun inportante horretan hor egoteko, baina han behar zuten nahitaez proiektua baloratzeko gainerako kideekin batean. Halabeharra izanen zen, inondik ere, falta zen horietako bat Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Nafarroako ordezkaria izatea eta bertzea Etxeak eta Eraikinak Berritzeko Bulegokoa (ORVE) izatea. Zer zuen burutan hirigintza zinegotziak 2009ko abuztuaren akabailan? Nork erabaki zuen epaimahaiko bi arkitekto horiek ez zirela beharrezkoak arratsalde hartan? Horrelako hanka sartzea ez zen bere hartan gelditu: Iruñeko Administrazio Auzietarako Epaitegian, balio gabe utzi zuen 3. Salak Elizondoko plazaren proiektuaren esleipena (ikusi Diario de Noticias 2013/07/21). Nolanahi den, ez dugu esperantzarik galdu: noiz itzuliko digute guhauren kioskoa eta, ordainetan, noiz lekutuko dituzte, behingoan, gasolindegiren batetik atera dituzten burdin zati horiek tokatzen den tokira?

Javier Quintano Ibarrondo