EH BILDUREN OHARRA ALKATEEK JASO DUTEN BIGARREN HERIOTZ MEHATXUA SALATZEKO

Pasa den astean agerraldia egin genuen Baztan eta Elizondoko alkateek jasotako heriotz mehatxuak salatzeko. Gaurko egunarekin, talde berdinak sinaturiko bigarren eskutitz bat jaso dute Baztango Udalean; mehatxuak berretsiz eta beraiek jarritako baldintzak bete ezean abuztuaren 26tik aurrera heriotz mehatxuak betetzeko duten borondatea jakitera emanez.
Aurreko astean salatu genuen bezala, oso larriak dira mehatxu hauek. Uste dugu gainera muturreko mehatxu faxista horiek ez ditugula gertakari isolatu gisa hartu behar, Espainiako Estatuak eta UPN zein PP alderdiak EH Bildu eta orohar sektore subiranisten aurka elikatzen ari diren jazarpen politikaren ondorioa direlako. Urkijo eta Alba Gobernadoreen erasoak, ilegalizazio mehatxuak, Entzutegi Nazionaletik datozen ebazpenak, etenik gabeko presio polizial eta judiziala...eta orain heriotz mehatxu zuzenak; denak balio du Euskal Herria burujabetza eskuratzera eraman nahi dugunon herri sektoreen aurka.
Argi eta garbi adierazi nahi dugu mehatxu guzti horiek ez gaituztela makurraraziko; segituko dugu herritarrekin hartua dugun konpromisoari ekiten, Euskal Herri osoarentzat demokrazia, burujabetza eta aldaketa soziala irabazi arte.
Alta, mehatxu larri hauen aurrean ez gara ixilik geratuko. Bihar bertan, Baztango hautetsien ordezkaritza zabal batek gertakari hauek salatzeko agerraldia eginen dute Baztanen bertan, eta datozen egunetarako eraso faxista horien aurka eta gure herriak merezi dituen demokrazia eta bakearen aldeko ekimen batzuen berri emanen dute.