GARAren EDITORIALA BAZTANGO MEHATXUEI BURUZ

Heriotza mehatxuak salatzea sektarismoa da Baztango UPNren ustez: zozoak beleari.....
Gaur arratsaldean Baztango alkateak eta Elizondoko zinpeko alkateak jaso zituzten heriotza mehatxuak arbuiatzeko elkarretaratzea izanen da Elizondoko Foru plazan. Elkarretaratze horretan ez da Baztango UPN izanen, alderdi horretako udal bozeramaileak atzo erran zuenez, alkateek jasotako mehatxuak salatzea «sektarismoaren» erakusgarri iruditzen baitzaio. Haren arabera, Bildurentzat mehatxu batzuk onak dira eta beste batzuk txarrak. Orain UPNk bere jarrerarekin erakutsi duena, hain zuzen.
Nafarroako Nazionalisten Elkartea delakoak baztandar alkateei igorri gutunetan eta mezu elektronikoan herriko etxeko balkoian ikurrina ez paratzeko exijitu zien heriotza mehatxu bidez. UPNk duela urte aunitz hasi zuen nafar gizartearen parte handi bat -eta baztandar gehienak- ordezkatzen duen ikurraren aurkako gerra, Sinboloen Legea egiteraino, nafar guztiak ordezkatu beharrean, haien parte handi bat baztertu eta kriminalizatuz. Hori kontuan izanik, ulergarria da arreta desbideratzeko ahalegina, mehatxatuei mehatxuak «estrategia» gisa erabiltzea egotziz. Baina jarrera horren bidez, bere buruaren erretratu zehatza ere eskaini du.