Horrela erabaki du epaileak. Lekarozko Aroztegiko edo San Martzialeko
ermitari buruz auzibidea irekita zegoen, ermitaren jabetza norena zen
argitzeko. Orain gutti Nafarroako Auzitegi Nagusiak ermita ez dela Palacio de
Arozteguiarena ebatzi du, baina erabakiaren kontra Aroztegiko proiektuaren
sustatzailek errekurtsoa paratu du.
San Martzialeko ermitaren auzia Aroztegiko
proiektuaren bertze korapiloa da. Lekarozko herriak ermitaren jabetza
aldarrikatu izan du betidanik, nahiz Aroztegiko Udalez gaindiko Plan
Sektorialean Palacio de Arozteguiarena bezala agertu. Modu horretan Aroztegiko
eremuaren birzatiketa planean Nafarroako Gobernuari errekerimendua egitea
erabaki zuen Baztango Batzar Nagusiak 2017ko urrian, Lekarozeko herriaren
eskaria gogoan hartuz. Hala ere, Nafarroako Gobernua Palacio de Arozteguiarekin
lerrokatu eta Batzar Nagusiaren errekerimendua ez zuen onartu.
Egoera horretan 2018ko martxoan Baztango Udalak
Lekarozko herriak eskatuta ermitaren jabetza argitzeko ikerketa espedientea
abiatu zuen, baina espedientea abian zelarik, Palacio de Arozteguiak gaia
auzibiderat eraman zuen, bere ustezko jabetza defendatzeko. Baztango Udalak EH
Bildu, Baztango Ezkerra eta Auzolaneanen aldeko bozekin auzibidean parte
hartzeko erabakia hartu zuen, ondare publikoaren defentsan, Lekarozko herriaren
eskariari kasu eginez. Geroa Baik kontra bozkatu zuen eta UPN abstenitu zen.
Auzibidea 2018ko udan hasi zen.
Horrela, aurtengo urriaren akaberan
argitaratutako epaian, epaileak erran du ermita enpresarena dela errateko froga
aski ez dagoela eta horregatik, ermitaren jabetza ez diola Palacio de Arozteguiari
aitortzen ahal. Epaiak ez du argitzen norena den ermita, baina bai norena ez
den. EH Bilduren ustez ondare publikoaren defentsa udaleko hautetsien funtsezko
ardura da eta horregatik, Geroa Bairen jarrera kritikagarria dela aipatu du,
ondare publikoaren defentsa egin beharrean nahiago izan duelako interes
pribatuekin lerrokatu.