VENEZUELAKO ABESLARI IRAULTZAILEAK BAZTANEN

Askapena erakunde internazionalistak gonbidaturik Centauro Saher, Sandino Primera eta Ali Manure Frente de Creadores Militantes mugimenduko kantariak Euskal Herrian bira egiten ari dira. Modu horretan, asteazkenean Baztanen egon ziren; hala, goizean Xorroxin irratian bisita egin eta kanta bat jo zuten. Ondotik, Amaiurrerat abiatu ziren, bertan Aranzadi zientzia elkartekoak gaztelu zaharra berreskuratzeko egiten ari diren indusketa lanak ikusi eta Euskal Herriaren historiaz ikasteko. Arratsaldean, bertzalde, Elizondoko Fantxike  ondoko plazan kantaldia eskaini zuten. “Iraultza bolibartarra kantuz” aldarriarenpean eta Venezuelako bandera eta latinamerikako jatorrizko herrien Whipala ikurra plazaren alde batean hedaturik zeudela kantaldi ederra eskaini zuten. Normalki nork bere aldetik abesten badu ere Elizondoko saioan elkarrekin aritu ziren. Horrela, Venezuelako folklorea oinarri gisa hartuta, latinamerikako kantagintza politikoaren tradizioarekin uztartuz errepertorio xarmant eta borrokalaria eskaini zuten. Bertaratutakoek emanaldiaz aunitz gozatu zuten. Gaualdia girotzeko ere mojitoa litroka izan zen. Kantaldiaren ondotik venezolar abeslari-militanteekin afaldu eta luzaz solasean jarraitzeko aukera izan zen.