"BAZTERKETA BAT DELA IKUSTEN EZ DUGUNEAN" IRITZI ARTIKULUA

Uda akitzen ari den hontan bestaz-besta ibiltzeko aukera izan dugu eta hauetan emakumeen eskubideak urratuak izaten direla ikusteko ere bai. Gauzak aldatzen ari badira ere bestak nekez dira parekideak. Denak konforme gaude jarrera baztertzaileak gaitzetsi behar ditugula eta gertatzen diren bidegabekeriak salatu. Etxean edo hurbil pasatzen zaigunean berriz, zalantzak sortzen dira: erasotzaileak ezagunak direlakotz, matxismoa kulturan eta norbanakoan errotua dugulakotz, presio soziala sobera handia egiten zaigulakotz… eta ondorioz hau dena onartzea sobera zaila egiten zaigu. Horregatik eraso anitz salatu gabe gelditzen dira, bazterketa bultzatzen da eta indarkeria handitu. Ezin dugu horren konplizeak izan. Nik soirik ez dut nahi.
Hurbiletik bizitako egoera batek lerro hauek idatzerat bulkatu nau. Baztango Mutildantzariak taldea sortu eta bertze edozein talde bezala tratatu dute bai Baztandarren Biltzarra taldeak nola Elizondoko herriko arduradunek.
Baztandarren Biltzarrak bestarako atera zuen aldizkarian bere historian zehar izan diren gorabeherak eta gatazkak idatziak utzi nahi izan ditu gerorako. Mutildantzen inguruan berriz egiten duen aipamen bakarra neskek 1980. urtean lehen aldiz parte hartu zutela da. Ez du aipatzen Baztandarren Biltzarrak Mutildantzak ez egitea erabaki zuen urtea, edo hausnarketa baten ondotik bere programan berriz sartzea erabaki zuen urtea, plazarik jendetsuena lortuz. Aurten mutildantzetan emakumearen parte-hartzearen alde egindako testua aldizkaritik kanpo utzi dute, Baztango Mutildantzariak talde diskriminatzailearen testu baten ondoan jartzea onartu ez delakotz.
Elizondon berriz azkeneko urteetan hartutako erabaki garrantzitsuen ondotik nire ustez atzerapauso bat egin du maila berean paratu nahi izan dituelakoz Baztango Mutildantzariak taldea eta Plazara Dantzara herri ekimena. Bestetako programako aitzin solasean Plazara Dantzara ekimenak ekarri duen jarrera eta gogoa eskertzen dute, baztertzaile eta erasotzailea den talde horri eskertzen zaien modu berberean. Modu honetan diskriminazioari zilegitasuna ematen zaio.
Mutildantzak plazako dantzak dira eta emakumeak sartzeagatik batzuk ez dute dantzatu nahi. Aukera  bat da, bere ondorioekin. Onartezina dena da hori bulkatzen duen talde bat normaltasunez hartzea: mutildantza herrikoiekiko boikotera animatzen duena, emakumeen parte-hartzearen kontrako kanpaina egiten duena, eta dotrinamendua egiten duena. Talde baztertzailea da, ez ditu emakumeak dantzan nahi. Hau da errealitatea!
Bidegabekerien eta eskubide urraketen aitzinean ezin da neutrala izan.
Emakumeak Mutildantzetan nahi ez izatea emakumeak baztertzearen alde egitea da.

Elurre Iriarte Bañez