TOKIKO GARAPENARI ETA INGURUAREN BABESARI BURUZKO JARDUNALDI ARRAKASTATSUA


Larunbat goizean Erdiz Bizirikek eta EHNEk Elizondon antolaturiko tokiko garapenaren eta inguruaren babesari buruzko arialdiak herritar aunitzen interesa pizteaz gain, goi-mailako adituen eskutik gogoeta interesgarriak plazaratu zituen.

Modu horretan, alde batetik Pablo Muñozek, Nafarroako Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio departamenduko Habitat saileko buruak, ingurua zainduz tokiko garapena sustatzeko dauden babes aukera desberdinak aipatu zituen. Horretarako Eremu Naturalaren Nafarroako Foru Legearen azterketa egin zuen; hasteko, inguruaren kontserbazio hutserako dauden figurak aztertu zituen eta, ondotik, tokiko garapena, biodibertsitatearen zaintza eta bertako erakundeen parte hartzea ahalbidetzen duten aukerak aztertu zituen; horien artean, bereziki, Parke Naturalen aukeran sakonduz. Parke naturalen helburua balore naturalak sustatzea eta ohiko jarduerak garatzea dela erran zuen: nekazaritza, basogintza, turismoa… Halaber parke bakoitzaren Baliabide Naturalen Ordenazio Planaren bidez (PORN erdaraz) gainerako jarduerak arautzen direla adierazi zuen. Nafarroako parke desberdinen inguruan aritu zen eta kanpora begiratuta Asturiaseko Somiedoko kasua aipatu zuen, non parke naturalak gainbehera etorritako ingurua biziberritzeko balio izan baituen.
Bertzalde Jakoba Errekondo tokiko baliabideak eta garapena gaiari buruz aritu zen. Jakoba Nekazaritza Ingieniari Teknikoa da, Paisajista eta Zerain herriko garapen teknikaria. Zerainen orain hogeita hamar urte luze abiaraziriko tokiko garapen egitasmoaren esperientzia dute; urratsez urrats, etengabe aitzinerat eraman dutena. Kontzeptualki Paisaia kulturalaren ideia garatu dute; hala, komunitate batek –kasu honetan zeraindarrek- egindako paisaia oinarrizko ondare moduan hartuta, ondare hori alde batetik identitatea eraikitzeko eta bertzetik etorkizunari aurre egiteko autoestimua emateko baliabide gisa erabili dute. Horrela Zerain dezagun fundazioaren bidez lehen sektorea eta turismoa elkar uztartuz eta biak elkar-eraginez bertako baliabideak herri-ikuspegi iraunkor baten zerbitzurat aktibatu dituzte. Ildo horretan Jakoba Errekondok, edozein herriren baliabiderik inportanteena jendeak direla azpimarratu zuen. Modu berean zer ez den nahi garbi izatea arras garrantzitsua dela adierazi zuen eta dena gure esku dagoela; gure buruetan konfidantza izan behar dugula.
Solasaldien ondotik eztabaida emankorra izan zen eta denera hiruretan hogei herritar inguru bertaratu ziren.