"KIRIKA FM" LIBURUAREN AURKEZPENA

Metaziri kolektibo editorialak Elurre Iriarte Bañez arizkundarraren Kirika FM, bizi garen munduei begira izeneko liburua aurkeztu du prentsa agerraldi batez Iruritako Jauregiarte taberna kulturalean.

Metaziri pentsamendu aldizkariaz gain, Baztango sortzaileen lanak argitaratzen ditu eta, Bazaudete olerki liburua eta Hiru ilargi laurden nobelaren ondoren, Kirika FM, bizi garen munduei begira gogoeta bilduma aurkeztu du.

Liburuak Elurre Iriartek Xorroxin irratiko Di-da tartean egindako gogoetak biltzen ditu, paperera ekarriak. Testuak irratirako pentsaturik izanik, laburrak, zuzenak eta irakurterrazak dira eta, egileak berak aurkezpenean erran duen moduan, hausnarketarako eta eztabaidarako tartea ematen dutenak.

Honako tokietan eskura daiteke 10 sosetan: Zugarramurdiko Marixan ostatuan; Erratzuko Zubi Punta ostatuan eta Altxuko dendan; Arizkungo Dolaetxea ostatuan eta estankoan; Elizondoko Axular liburu-dendan, Kiliki dendan eta Intza eta Ilargi ostatuetan; eta Oronozko Oskorri liburu-dendan.