BAZTANGO EH BILDUK ZAHAR ETXEKO KONTRATAZIOEN INGURUAN ZABALDU DIREN BERRIEI BURUZ

Baztango EH Bilduk prentsa ohar baten bidez zahar etxeko kontratazioen inguruan zabaldu diren berrien aitzinean adierazpenak egin ditu. Hitzez-hitz:

Azkenengo aste honetan Zahar-Etxeko kontratazioen inguruan, Zahar-Etxeko enpresa 
batzordearen, Zahar-Etxeko patronatoko kideen eta IDEA enpresaren inguruan zabaldu 
diren berrien aitzinean, Baztango EH Bilduk hurrengo adierazpenak egin nahi ditu:

-Horrelako egoerak Zahar-Etxearen eguneroko funtzionamenduari zein erabiltzaileen 
egoerari kalte zuzena eta nabarmena eragiten dio.

-Baztango EH Bilduren ustez egoera hauek saihestea da alde guztien betebeharra eta 
batez ere ardura eta erabakiak hartzeko ahalmena duen Patronatuarena.

-Patronatuak bai 2009an bai 2014an aukera izan du kudeaketa zuzena eta publikoa 
egiteko. Bi kasuetan kudeaketa IDEA enpresa pribatuaren esku utzi nahi izan du, 
lehiaketa publikorik egin gabe eta azkenengo kasuan Udal Gobernuaren iritziaren 
kontra.

-Lotura zuzena dago erabaki horien eta gaur egungo egoeraren artean. Enpresa pribatu 
honek ez du langileak kontratatzerakoan froga objektiborik egiteko legezko 
betebeharrik, ezta langilen profesionaltasuna edo hizkuntz eskakizunak betetzekoa ere. 
Beraz, honek aukera handia uzten du entxufismo, faboritismo eta klientelismoan 
oinarritutako kontratazioak egiteko. Egoera honek kontratazioen inguruko susmoak 
sorrarazten ditu eta herritarren zein langileen haserrea pizten du.

-Zerbitzua ahal den hoberen emateko langileen kontratazioa bere gaitasuna zein 
esperientziaren arabera izan beharko litzateke. Hau bermatzeko kudeaketa publikoa da 
gardentasuna eta profesionaltasuna ziurtatzeko modu egokiena.

Beraz, baztandar guztiei jakinarazi nahi diegu bi ereduen arteko talka baten aitzinean 
gaudela. Gardentasuna, profesionaltasuna, eta langile zein erabiltzaileen eskubideak 
bermatzen duen kudeaketa publikoaren eredua, eta bertze aldetik dugu faboritismoa eta 
entxufismoa bultzatzen duen zerbitzu publikoen pribatizazioaren eredua.