BAZTANGO BATZAR NAGUSIAK AROZTEGIKO BIRZATIKETA PLANA ERREKURRITUKO DU

Urtarrilaren 2an egin zen ohiko Batzar Nagusian, batzarkideen gehiengoak Lekarozko Aroztegiko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren birzatiketa plana errekurritzea onartu zuen; plan honek ez baitu legeak eskatzen duen bezala Aroztegi inguruko lurjabe guztien sinadurarik edo oniritzirik izan. Nafarroako Gobernuak birzatiketa plana behin betiko onartu ondotik, Batzar Nagusiak aipatu prozedura haustearengatik aurre-errekiremendua egin zion gobernuari, baina azaroaren 22an aurre-errekerimendua ez onartzea erabaki zuen. Horrela, urtarrileko batzarrean administrazioarekiko auzi epaitegirat jotzea erabaki zuen Batzarrak. Erabakiaren alde hemeretzi batzarkide agertu ziren eta UPN, Geroa Bai eta Baztan Auzolanen zazpi ordezkariek kontra bozkatu zuten.

Bilkura berean Mattari Plaza Lekarozko alkateak herriko ermitaren defentsan birzatiketa planari buruz gobernuari aurkeztutako aurre-errekerimenduaren erantzunaren berri eman zuen. Gobernuak Lekarozko herria eskumenik ez duelako aurre-errekerimenduaren funtsan sartu gabe aipatu eskaria baztertu zuen. Plazak salatu zuenez eskumena udalarena da baina UPNk, Geroa Baik eta Baztan Auzolaneanek –udalean gehiengoa duten alderdiek- herriko ermita defendatzeari uko egin eta aurre-errekerrimendua ez egitea erabaki zuten.

Bertzalde bilkura berean, birzatiketa planeko katastro aldaketari buruz Batzar Nagusiko lehendakariak, Joseba Otondok, Nafarroako Gobernuari egindako aurre-errekerimendua berretsi zen. Kasu honetan aurre-errekerimendua ogasun eta finantza departamenduan aurkeztu zen birzatiketa planeko katastro aldaketan espreski sortutako mikro lurzati berriak agertu baitziren baina legeak paratzen dituen guttieneko neurriak bete gabe. Aldi berean,  ikusirik legeak agindu bezala katastro aldaketa prozeduran interesdunei audientziarik eskaini ez zitzaiela, aurre-errekerimenduan puntu hori sartu zen.

Gainerakoan Administrazioarekiko auzi epaitegiak Aroztegiko Udalez gaindiko Plan Sektorialari Batzar Nagusiak paratutako errekurtsoari buruz emandako kontrako sententziaren berri eman zen.