EMAKUMEEN MUNDUKO MARTXA BAZTANDIK PASATUKO DA IRAILAREN 29an

Adin,herri,talde eta lanbide ezberdinetako emakumeak elkartu ziren atzo martxoaren 8an Kurdistanen hasi eta urriaren 17an Portugalen akituko den karabana feminista aurkezteko. Hain zuzen ere, Baztandik pasatuko delakoz mundu martxa hau.

Emakumeen mundo martxak 1995ean Quebequen du sorrera. Urte hartan 15.000 emakume elkartu ziren  “ogia eta larrosa” deituriko martxa batean. Nazioartean  arrakasta haundia izan zuen, emakumeek pairatzen zuten indarkeria areagotu zela, politika neoliberal  basatien biktimak emakumeak zirela, eta oinarrizko eskubideen alde borrokan ari zirenak emakumeak zirela ikusirik. 2000. urtean martxa modu zabalean deitzea erabaki zen, demokrazia, itxaropena, berdintasuna eta bakea mundu mailan aldarrikatzeko. 2005ean pasatu zen lehendabiziko aldiz Euskal Herritik.

Orduz geroztik, 5 urtetik behin egiten da martxa eta aurtengoa “Gure gorputzak, gure lurraldeak. Martxarekin segituko dugu guztiok libre izan arte” lemapean  burutzen ari da.  Euskal Herrira, irailaren 28an ailegatuko da eta urriaren 4a artio egonen da. 

Baztanen irailaren 29ko arratsaldean izanen da. Ikur amankomuna HAZIAK dira, elikadura burujabetzaren aldeko borroka gogoan. Hori dela eta, martxarekin bat egiteko eta atxikimendua adierazteko ereite sinbolikoak egitea proposatu dute, norbanakoak edo taldetakoak. Eremu pribatu edo eta publikoetan.

Udan barna eta martxa etorri  artio eginen diren ekintza ezberdinetan parte hartzera konbidatu dituzte herritarrak. Baztandarren Biltzarra egunean, kalean egonen dira fotokool baten bidez  atxikimenduak bilduz. 



Aurten,  euskal  Herrian Mundu Martxako plataforma gero eta anitzagoa dela ikusita 4 puntu edo eremu hauetan jarri nahi izan du indarra:

  1. Sistemarteko indarkeriak.
  2. Gorputzak eta sexualitateak.
  3. Bizitzaren iraunkortasuna.
  4. Sarean lan egitea eta aniztasuna kudeatzea.

Honekin, emakumeok bizi ditugun indarkeria mota anitzak ikustarazi, salatu eta horren erantzuleak identifikatu nahi ditugu. Elkartasuna, poza eta sormena indartzen duten ekintzekin eta emakumeok kalera ateratzea eta  manifestatzea bultzatuko duten ekintzekin, sistema kapitalista, patriarkal, arrazista eta heteronormatibo bati kontrajarrita,  emakumeok eraikitzen ari garen alternatibak bultzatu eta ikusgai egin nahi ditugu. Munduari erakutsi nahi diogu erresistentzian ari garela eta ez dugula etsiko  gure gorputzen gainean erabaki ahal izan arte eta erakutsiko dugu posible dela bertze modu batean sortzea eta bizitzea, taldean eraikiz eta modu askean.

Gure gorputzak, gure lurraldeak, martxan segituko dugu guztiko libre izan arte!! Gora borroka feminista!!!!!