PLAZARA DANTZARAK BAZTANGO MUTILDANTZARIAK TALDEARI: ERRESPETUA?

Baztango Mutildantzariak taldeak publikatu duen oharraren harira, erantzun hau kaleratu du PLAZARA DANTZARA herri ekimenak. halaxe dio hitzez hitz:

BAZTANGO MUTILDANTZARIAK TALDEARI: ERRESPETUA?

Errespetua hitzaren definizioak halaxe dio: Bertzeen eskubide, izaera etab. aintzat hartu, haien kontrako ekintzarik ez egin.

Baztanen mutildantzen gaiarekin gaur egungo egoeran baldin bagaude, emakumeak errespetatu ez direlakoz da. Baztango Mutildantzari taldea sortu bazen ez zen kultura bulkatzeko izan, momentu konkretu batzuetan emakumezkorik gabeko mutildantzak dantzatzeko baizik. Kulturaren alde ilun bat hain zuzen ere: emakumeak leku publikoetan egoten ez ziren garaiko kultura. Ez gara errateaz aspertuko: ohiturak aldatzen dira, egokitzen dira, iraun behar badute.

Dantza batek herri baten folklorean bere lekua betetzen du eta bertze edozein arte adierazpena bezala, zerbait adierazteko da. Mutildantzak bere adierazpena egiten du eta Baztango Mutildantzarien taldeak dantzatzen duen bakoitzean hauxe adierazten du: HEMEN EMAKUMEZKORIK EZ.

Elizondoko bestetan, bertze herrietako bestetan bezala, ez dugu onartuko eremu publiko batean halako adierazpenik eta gure esku dagoen guzia eginen dugu hori ekiditeko, emakumeei lekua uzten ez dien edozein adierazpena onartuko ez dugulakoz. Bestak denenak dira, leku publiko guziak herritar guzienak dira.

Eskubideez eta askatasunaz ari direnean, ohartzen ote dira? Eskubidea dute dantzatzeko, dudarik ez. Ez dutena da eskubide bat zapaltzeko eskubiderik. Askatasunaren izenean askatasun bat kentzeko eskubiderik ez duten bezala. Eta hori ederki adierazten dute emakumezko bat dantzarat hurbiltzen zaienean iraintzen, bulkatzen eta musika eta dantza gelditzen.

PLAZARA DANTZARA taldeak aitzinerat segituko du, plazak betez, dantzak mantenduz eta emakumeen presentzia leku publiko guzietan bermatuz. Honekin batera herritar guziak gonbidatzen ditugu besta parekideen alde egiterat.

PLAZARA DANTZARA 2015­-7-­8