IDEA diru bila publikotasunari bizkar emanez

 


Francisco Joaquin Iriarte zahar etxeko Patronatuak jakin arazi duenez, "IDEAk ez du zahar etxea utzi nahi", eta dioenez, "egoitzako Patronatuak aho batez hartutako erabakiaren aurka egin du". Jakina denez, erabaki horretan, urriaren 31n IDEAren kontratua deuseztatzea erabaki zen, azaroaren 1ean Zaintza Lanak Baztan enpresa publikoak zentroaren kudeaketaren ardura har zezan.

Erabaki horren ondotik, ordea, IDEAk kontratu etetea bertan behera uzteko eskatu du administrazioarekiko auzien epaitegian. Baztango Udalak, bere aldetik, horren aurkako helegitea aurkeztuko du eta orain epaitegiak erabaki beharko du kautelazko neurriak hartu ala ez.

Patronatuaren iritziz, egoera honetan, hiru agertoki posible daude: "Epaitegiak IDEAren kautelazko neurria onartzea erabakitzen badu, egoitza kudeatzen jarraituko dute, ziurrenik, kontratua amaitu arte, 2024ko ekainera arte. Epaitegiak kautelazko neurriak onartzen ez baditu, urriaren 31n IDEAk egoitza utzi beharko du. Epaitegiak kautelazko neurriak onartzen ez baditu, baina erabakia urriaren 31ren ondotik hartzen badu, IDEAk geroago utzi beharko du egoitza, ziurrenik azaroan zehar".

Patronatuak erabaki zuen 2024ko ekainerako aurreikusita zegoen IDEA egungo enpresa kudeatzailearen kontratuaren amaiera aitzinatzea, egoitzaren berehalako erreformaren ondorioz, IDEAren eta Patronatuaren interesak bateraezinak direlako: "IDEAk egoiliar gehiago hartzeko interesa du etekinak lortzeko; aitzitik, Patronatuak egoiliar gehiago ez hartzea behar du, 2024ko apirilean egoitza berritzeko lanak hasiko direlako, eta dozenaka egoiliar birkokatu beharko direlako".

Kontratu-etetearekin bat, Patronatuak 61.601 euroko kalte-ordaina adostu zuen (145 erabiltzailerekin irabaziko luketena, 2023ko banaz bertzekoa txikiagoa den arren), baita inbertsioak eta stocka ordaintzea ere: "Dena den, ez da nahikoa IDEArendako, guztira 644.000 euro eskatzen baitzituen, kontratuaren azken hilabeteetarako aurreikusitako etekinengatik, egindako inbertsioengatik, stockagatik, Merkataritza Funtsagatik, Know How-agatik, ISO kalitateagatik eta adendarengatik".

Bertze behin ere, IDEAk auzitegien bidea hartu duela salatu du Patronatuak: "Behin eta berriz erraten dute gehien inporta zaiena egoiliarrak eta langileak direla, eta solas egin behar dela, baina praktikan, auzitegietara jo dute publifikazioa geldiarazteko eta egoitzaren aurka joateko. Ez da egoera erosoa, datozen hilabeteak ez dira errazak izanen, baina Baztango Udaletik argi utzi nahi dugu Udalarendako garrantzitsuena Baztan eta bertako biztanleak direla, eta kasu honetan, zahar etxea, bertako egoiliar, senide eta langileekin".

Ildo horretan, herritarrak elkarrekin lan egitera animatzen ditu Udalak, "elkarrekin hitz eginez eta erabakiak hartuz, denok batera eginez gero aitzinera aterako garelako". 

Gauzak honela, LAB sindikatuak deialdia luzatu du, urriaren 20an, arratsaldeko 18.00etan, Elizondoko Udaletxe plazan kontzentrazioa burutzeko, "Francisco Joaquin Iriarte zahar egoitza publikoa orain" lelopean.