AROZTEGIA ETA GERO ZER? PLATAFORMAK SINADURA BILKETA ABIATU DU

Atzo prentsaurrekoan adierazi zutenez PSISa geldtzeko eskaera abiatuko dute herritarren sinadura bilketa bat eginez.
Halaxe adierazi zuten:

Gaurko prentsa agerraldia Aroztegia…eta gero zer? Plataformak deitu du Lekarozen egin nahi den UGPSari buruz izan diren bileren ondorioak azaltzeko eta hurrengo aste honetan planteatzen dugun sinadura bilketaren berri emateko.

Aroztegia proiektua  egitasmo urbanistiko-espekulatzailea dela aipatu dugu behin eta berriz. Proiektu honek ez ditu ez Lekaroztarren ezta Baztandarren etxebizitza beharrak betetzen. Egitasmo urbanistiko honek ondorio sozial, espazial eta ekonomiko sakonak ekarriko lituzke Baztan osoan baina batez ere Lekaroztarrentzat.

Aurreko legealdi bukaeran, hauteskunde bezperetan, UPNren gobernuak UGPS-a onartu egin zuen. Nafarroan eredu ekonomiko espekulatzaile eta suntsitzailea bultzatu du azken momentu arte, non gutxiengo baten interesak defenditzen diren herritarren gehiengoaren erabakia defenditu beharrean. Gauzak horrela, Aroztegia…eta gero zer? plataformatik azkenengo asteetan ALDAKETAren aldeko indar politikoekin bilerak egin ditugu lau alderdietako arduradunekin. EHBildu, Podemos/Ahal Dugu eta Izquierda/Ezkerrak plataformaren planteamenduarekin bat egiten dute. Alde batetik Nafarroako Gobernuari UGPSa bertan behera uzteko eskaerarekin eta proiektu berri bat planteatu ezkero tokian tokiko erabakiak errespetatzea. Argi ikusten dute baita ere proiektu honen izaera urbanistiko espekulatzailea. Geroa Baik aldiz irizpide teknikoetan oinarritutako erabakia izango dela dio alde batetik UGPSa atzera botatzearena eta proiektuaren aldeko jarrera azaltzen dute. Geroa Bairen kontraesanak nabarmen gelditu dira Vianan eta Etxabakoitzen UGPSen aurka agertu den bitartean Aroztegiako kasuan kontra agertzea. Zein da irizpidea? Kontraesan hauek lotura daukate promotoreen afiliazio politikoekin? Ez dugu ulertzen.

Baztanen berriz Udalak muzin egin dio Lekarozko Batzarrak egindako eskaerari eta Batzar Nagusiak berriz eskaera bete egin du. Lotsagarria izan da Geroa Baik izan duen jarrera Udalak izan duen iritzia Batzar Nagusiaren gain inposatu nahi izan baitu.

Honengatik, Nafarroako Gobernuari Aroztegiako UGPSa  bertan behera gelditzea eskatzen diogu. Lekarozko herriak zein Baztango Batzar Nagusiak egindako eskaerei erantzuteko hainbeste aldarrikatu dugun ALDAKETA gauzatzeko. 

Argi dugu hau ez dela erabaki teknikoa, politikoa baizik. Ez dugu onartuko gai honekin aldaketari iruzur egitea ezta teknikoen atzean izkutatzea. UGPS hau lehen bai lehen gelditzea eta proiektua berriz aurkeztu ezkero Baztango Udaletik aurkeztea eta herritarren arteko eztabaida soziala abiatzea eskatzen dugu inposaketarik gabe eta joku zikinik gabe.

Aldi berean Baztandar guztiei dei egiten diegu eskaera honekin bat egitea. Horretarako gaurtik hasita hurrengo osteguna, urriak 15a arte sinadura bilketa kanpaina abiatuko dugu Baztanen. Lan talde bat osatu dugu sinadura horiek biltzeko, hauek herri desberdinetan ariko dira sinadurak biltzen. Bertze aldetik sinadura emateko hurrengo ostatuetan ere sinatzeko orriak egonen dira: Erratzuko Zubi-Puntan, Arizkungo Taskan, Elizondoko Intza Tabernan, Lekarozko Hiru-Itturri Ostatuan eta Oronoz-Mugairiko Ongi-Etorrin.