MILAKA URRATS...HIZKUNTZA BAT



Joan den igandean, Baztan Ikastolak antolatutako Nafarroa Oinez15a bizi eta gozatu ahal izan genuen. Urte t'erdiko lanaren ondoren, hondarrean, ailegatu zen ehunka esku amets bakarrean batu dituen egitasmo erraldoia. Ailegatu zen gurera, Baztanerat, euskarazko eta euskararentzako hezkuntza ereduen aldeko aldarrikapena egiteko eguna, Hezkuntza Sistema propioen alde duela urte andana abiatutako bide luzean urrats berri bat emateko eguna.
Euskal Herriko bazter guztietatik hurbildutako milaka lagunen zangoek oinatz sakona utzi dute gure lurrean, gure belai eta bideetan, gure bihotzetan. Orain badakigu zenbat eta zenbat garen, elkartasunaren xamurtasuna zer den, euskaraz bizi nahi duen herri bat badela oinez, ttipi-ttapa, geldiezin.
Prestaketak iraun bitarteko hilabete guzti hauetan, egunetik egunera, zinurrien moduan lanean, auzolanerako dugun gaitasunaz harritu ere egin gara. Aldiz, elkarrekin gure nahiak norek geldituko ez dagoela ikasi ere.
Alta, besta erraldoiak, irmoki salatu beharreko eraso sexista larri bat ere utzi digu tartean. Unea da adierazteko, gure indar guztiarekin, ez dugula emakumeen kontrako inolako erasorik onartuko, sekula. Ondoko egunerako deituta dauden salaketa ekimen guztietan parte hartzera animatu nahi zaituztegu, bai eta zuen eguneroko bizitzan matxismo ororekiko kontrako jarrera irmoa agertzera gonbidatu.
Ikastolak, herri eskolak, heziguneak beraz, bizitzen ikasteko euskaraz egin bagenituen, hondar urteetan erakutsitako gaitasun beraz, orain arte egindako bidetik, Euskal Herri euskaldun, libre eta parekide baten alde lanean segi dezagun!!