BAZTANGO EH BILDU GEROA BAIren JARRERAri BURUZ

Prentsa ohar abten bidez Baztango EH Bilduk Baztango Geroa Bairen jarrera kritikatu du, Baztanen alferreko tentsioa sortzen dutela, Aroztegiako gaiari bide demokratikoa ez ematean tematuak. Zentzutasuna eta neurrizkotasuna eskatu diote.


Geroa Baik Aroztegiko gaian duen itsukeri eta temazukeria ez da ulertzen ahal. Gaiari zentzuzko konponbidea eman beharrean, demokrazian sakondu beharrean, kaskarturik ageri dira, baztandarrei hitza emateko entzungor, Baztanen alferreko tentsioa sortuz. Baztango EH Bilduk koalizioko eta gobernuko arduradunei arduraz jokatzeko deia egin nahi die, ez dezatela tenkatzen segi, arrazoibidez aritu daitezela, inposizioak utzi eta herritarrei galdetzeko aukera eman dezatela.

Alta, legealdia hasiz gero, Geroa Bai modurik axolagabeenean ari da: abuzturako oraingo EH Bilduren alkatea gaitzesteko mozioa bideratu zuen, Batzar Nagusiaren erabakia betez gobernuaren aitzinean PSIS gelditzeko errekerimendua aurkezteagatik; bilkura berean, Garbiñe Elizegi lehengo alkateari, proiektua pelotazoa zela errateagatik Palacio de Aroztegia promotorak paratutako salaketaren eta 30.000 euroko kalteordain eskaeraren aitzinean, babesa ez ematea erabaki zuten. Urte zahar bezperan gobernuak PSIS iruzurtia gelditzeko eskatuz Batzar Nagusiak egindako eskaera ez onartzea erabaki zuen eta, gehiago ez luzatzeko, azkeneko Batzar Nagusiaren aitzinttoan, gai-ordena hetsirik zegoela, Nafarroako Gobernuak inork eskatu gabe eta inon onartu gabeko galdeketari buruzko txostena igorri zuen. Horren guztiaren ginda aipatu Batzar Nagusian Geroa Baiko zinegotzia galdeketaren aurka agertu zen bakarra izan zela, 21 batzarkide alde agertu baitziren eta 6 abstentzio. Eta, hori, oraingo alkatearen kontrako gaizki erran guztiak ez aipatzeagatik.

Zentzuzkotasuna eta neurrizkotasuna eskatzen dugu. Demokrazia gehiago eskatzen dugu. Baztango etorkizuna baldintzatuko duen horrelako proiektuari buruz herritar guztiek iritzia emateko eskubidea aldarrikatzen dugu. Hala, Lekarozko herriaren eskuzabaltasuna aitortu nahi dugu, zeren kaltetutako herria beraiena izanagatik eta 2009an egindako galdeketan proiektuaren aurka agertuagatik, joan den otsailean galdeketa Baztan guztian egiteko erabakia hartu baitzuten.

Nahiz Geroa Bai bazterrak nahasten saiatu eztabaidaren muina erraza da: inposizioa edo herriari galdegitea. Geroa Bai non dago?


Aroztegia, herri galdeketa orain!