Baztandarren Biltzarra elkarteko kideak aurtengo balorazioa behar baino fiteago egitera behartuak izan gara.
Badirudi joan den igandean ez geundela denak gure besta xarmant honetan, baton batek Legate mendiaren kaskoan bertze lan batzuk zituen egiteko: Xorroxin Irratiaren antenako fusible bat bakarrik ebatsiz, irratiaren zuzeneko saio berezia isilarazi zuen. Argi eta garbi dugu sabotai bat izan dela eta zorrotz salatzen dugu. Sabotai hau Xorroxin Irratiaren, Baztandarren Biltzarra elkartearen, eskuararen, desfilean parte hartu zuten orga guztien eta gure artean egon ezin ziren eta zuzenean irrati bidez eguna jarraitzen ari ziren entzule guztien aurkako eraso bat izan da.
Erasotzaileari ondorengo mezua eman nahi diogu: Baztandarren Biltzarra eguna ospatzen segituko dugu! Eskuara ez da isilduko, Baztango HAMABORTZ herrietan barra-barra entzunen da! Baztango HAMABORTZ herriek beren orgak egiten eta iritziak aldarrikatzen segituko dute! Xorroxin Irratia ez du inork isilduko! Eta entzuleek bertze komunikabideei esker, aurtengo besta ere jarraitu ahal izan dute.
Alde iluna alde batera utzita eta balorazio ekonomikoaren faltan, erran behar dugu besta arras ongi atera zela; kontent gaude jendearen erantzunarekin. Aurtengo gure bi apustu garrantzitsuenen arrakasta azpimarratu nahi dugu: Batetik bazkariko menuan egindako aldaketa, aunitz gustatu eta eskertu delako, eta bertzetik, birziklapenean emandako aurrerapauso handia.
Eskermile besta hau posible egiten duzuen guztiei! Heldu den urte artio!