Elizondoko
Baztan Berri auzoko trafiko antolaketa berria abian da. Antolaketa berriarekin
haurren segurtasuna bermatuko da eta, horretarako, auzoko bulebarretik autoak
ez dira pasatzen ahalko. Auzotarren eskariari kasu eginez aurtengo udan Baztango Udalak, Elizondoko Herriak eta
barrideek bi batzarre egin dituzte. Batzarre horien emaitza trafiko antolaketa
berria izan da eta neurri nagusia aipatu autoen pasabidea debekatzea. Horrek,
aldi berean, auzo barneko errepidea norabide bakarrean paratzea eta autoak
aparkatzeko tokiak berrantolatzea ekarri du. Modu horretan udaleko enplegu
sozialeko langileak seinale berriak paratzen eta arauketa berriaren arabera
lurreko margoketak egiten aritu dira. Halaber, inguru guztia 20 km/h-ra mugatu da. Aste honetan bulebarreko
autoen pasabidea galerazteko lorontziak paratu dira.
Baztan
Berri auzoa Elizondoko berrienetakoa da eta bertan bikote gazte eta haur aunitz
daude. Trafiko antolaketa berria egin artio autoak haurren jolastokirat ematen
duen bulebarretik pasatu zitezkeen eta horrek arrisku egoerak sortzen zituen.
Oraingo aldaketak segurtasun handiagoa ekarriko du.