Baztango EHBilduk oharra plazaratu berri du bailaran bizitegien inguruan bizi den egoeraz arras kezkatuta eta soluzioak bilatu asmoz. Jarraian azaltzen dizuegu bere osotasunean:
"Bizitegia izatea aunitz zailtzen ari da Baztanen. Etxetzarrekin gertatzen ari denaz gain apartamentu turistikoak han-hemen agertzen ari direlako. Apartamentu hauetako aunitz alokairuko bizitegi bezala erabili izan dira, jabeak iritzia aldatu eta ostatu-turistikotarako izatea erabaki duen artio.
Berriki, alokairuko bizitegian maizter zen gaztea lekutzeko agindu du nagusiak, apartamentu hori ostatuturistikotarako erabili nahi duelako. Horrelako ohartarazpen gehiago egon dira eta ez du irudi geldituko direnik.
Egoera horretan maizterrak ixilik, norat jo ez jakinki, etsi-etsian bere bakartasunean bizi du arazoa, arazoa berea bakarrik bailitzan.
Hain zuzen, hori da saihestu behar dena: alokairuko bizitegiekin eta apartamentu-turistikoekin gertatzen ari dena norberaren arazoa bertzerik ez denaren ustea, gertatzen ari denaren alderdi sozial guztia atzenduz.
Arazoaren alderdi soziala da bizitegien parke handia dugula Baztanen, zati bat hutsik eta bertzea bigarren bizitegia dena. Haatik, jende aunitzendako lehen bizitegia izatea gero eta zailagoa da. Eta horrek bi ondorio ditu: bizitegia alokairuan ezin hartu ahal izatea, eta hartzekotan, alokairuaren saria gero eta handiagoa izatea. Azkeneko urte gutti hauetan banaz bertze 350 euro inguru ordaintzetik 450 inguru ordaintzera pasatu da.
Egoera honek Baztango gazteak zuzen ukitzen ditu, aldi baterako etortzen diren profesionalak (irakasleak eta erizainak bertzeren artean) eta migratzaileak sektore sozial aipagarrienen artean. Gazteen kasuan gurasoen etxetik lekutzea zailtzen du, bizitza autonomoa hastea gibelaraziz edo bailaratik lekutuaraziz; profesionalen kasuan ez dira gutti bizitegia Baztandik kanpo hartu behar izan dutenak eta migratzaileek, maiz aski, pilaturik bizitzera beharturik ikusten dute beren burua.
Guzti honek horretan segituz gero bailara biziarazten duten gazteak, profesionalak, migratzaileak... lekutuko dira. Eta horrek oinarrizko zerbitzuetan, hainbertze lanetan, demografian... ondorio handiak izanen ditu.
Lehenengo apartamentu-turistikoak agertu zirelarik guttik ikusi zuten gerora sortuko zen arazoa. Orain gero eta nabarmenagoa da. Ildo horretan aipagarria da Baztango udalak ostatu-turistikoak arautzeko arloko azterketa hasi duela, eta badaiteke arauketa berriarekin gaia bideratu ahal izatea. Afera da arauketa egin orduko denbora puska joanen dela eta bizkitartean alokairuko bizitegiak apartamentu turistikotarako aldatzeak gelditu gabe segitzen duela. Horregatik baztandar guztien eta bereziki etxejabeen ardura sozialari dei egin nahi diogu, herritarrek bizitegia edukitzeko duten beharra eta eskubidea kontuan hartzeko.
Herriak bizirik atxekitzeko, etxeak bizitegitarako".