Lekarozko
alkatearen aukeraketak, bertze behin,
herria Aroztegiako proiektuaren aurka dagoela agerian utzi du. Igandean
egindako bozketaldian, lekaroztarrek bi
hautagaien bidez Aroztegiko proiektuari buruz beren iritzia hirugarren aldiz
emateko aukera izan zuten eta, oraingoan ere, aise, proiektuaren kontrako
iritzia nagusitu zen, Mattari Plazak 111 bozka izan baitzituen eta Agurtzane
Elizegik 46. Honek guztiak Nafarroako Gobernuaren eta Geroa Bairen inposizioa
agerian uzten du eta Aroztegiako Udalez Gaindiko Sektore Plana edo PSIS iruzur
politikoa dela. Herritarren iritzia saihesteko erabaki politiko lotsagarria.
2009an herriko
batzarrak deituriko herri-galdeketan lekaroztarrak proiektuaren aurka agertu
ziren. 2016ko ereiaroan Batzar Nagusiak antolatutako herri-galdeketan,
Lekarozen, Baztan osoan bezala, ezezkoa nagusitu zen eta joan den abenduaren
25ean Lekarozen egindako alkateen hautaketan, bertze behin proiektuari ezezkoa
nagusitu da. Isabel Elizalde kontseilari andreak herritarren iritziaren
oihartzuna aditzen ote duen ez dakigu, baina, argia eta garbia da: Aroztegian
proiektu urbanistikorik EZ.
Ildo horretatik,
azken asteetan eskualdeko alkateek egindako agerraldia aipagarria da.
Herritarren erabakitzeko eskubidea defendatuz eta Udalen autonomia
aldarrikatuz, PSISaren erabilera gaizto eta bihurria agerian paratu baitute. Inguruko
alkateek ez badute PSISa beharrezkoa ikusten zein da Aroztegiko proiektua PSIS
bezala tramitatzeko arrazoia? Isabel Elizalde kontseilari andreak horri buruzko
erantzunik ba al du? Non daude Manu Ayerdik dioen bezala, Baztandik kanpo proiektu hau beraiendako nahiko
lituzketen herriak?
Lehendabiziko
egunean bezala herritarren iritzia errespetatzeko eskatzen segitzen dugu:
Aroztegia gelditu! Geldituko dugu.