SOLASPOTEOAN ARITU ZIREN DONEZTEBEN, GIRO EDERREAN

Eskualde osorako Solaslagunendako luzatutako Saio Osagarria izan zen larunbatean; jada 8. urtea da jarduera hau antolatzen dutela. Ohikoa bihurtu da Komunikazio Kanpaina akitzen dutelarik, azaroan, elkartu eta poteoa antolatzea. Giro goxoan eta lasaian elkar ezagutu eta taldeen berri izaten da.


17:00etan jarri genuen hitzordua Xanti ostatuan, mantso-mantso eskualde osotik hasi ziren Solaslagunak ailegatzen; agurrak eta aurkezpenak izan ziren protagonistak atal honetan, batzuek elkar ezagutu eta bertze batzuek berriz, aspaldiko lagunak agurtzeko aukera izan zuten.
Honela bada, SOLAS eta LAGUN artean pasatu genuen arratsaldea. Musika, kantak, dantzak eta berendua ere ez genuen faltan izan. 19 lagun eta musikariak egon ginen Doneztebeko karriketan barrena, herria alaitu genuen eta berriz ere, euskara ikasten ari direnenek aukera izan zuten arratsalde osoan euskara hutsean aritzeko; bidelagunak 7, euskararen transmisioan laguntzeko prest  eta bidelariak 13, euskara praktikatzeko gogoz.
Bidelari batek zera erran zidan; hau da hau aukera polita! Jendeak ez daki zer galtzen duen! Hau euskaraz praktikatzeko aukera ezin hobea da, gainera ez dago inongo azalpenik eman beharrik; hau da, beti euskara ikasten ari naizela aipatu behar izaten dut, nirekin mantso eta pazientziaz aritzeko, eta hemen berriz, modu natural batean egiten da.
Hori da SOLASALGUNA inongo konplexurik gabe eta inongo azalpenik eman behar izan gabe euskaraz lasai bizitzeko eskaintzen duen egitasmoa.  Herritarrak euskaraz ezagutu, gure hizkuntza ohiturak aldatu eta gure euskara sareak handitzen laguntzen duen egitasmoa.

Solaspoteoko argazkiak eta bideoak ikusi nahi baldin badituzu, klikatu.