ATZOKO OSOKO BILKURAN GEROA BAIK AROZTEGIAKO PROIEKTUAREN JARRAIPENA EGITEKO BATZORDEA SORTZEA PROPOSATU DU
Horren aitzinean Baztango EH BIlduk prentsa ohar bat igorri du:
Gaurko Osoko Bilkuran Baztango Geroa Baik Aroztegiako proiektuaren jarraipena egiteko udal batzordea sortzeko egin duen proposamena itxurakeria hutsa da. Hasteko, herritar guztiek dakiten moduan, Aroztegiako proiektua udalez gaindiko proiektua da. Baztango konpetentzien gainetik Nafarroako Gobernuak baimendu eta bere gain hartu duen proiektua da, gainera, foru intereseko izendaturik. Hortaz, gisako batzordea Nafarroako Gobernuak sortu beharko luke. Zeren bertzenaz, irudi luke, proiektuaren gestioa Baztango Udalak duela, eta hori, gezurra da. Informazio eta ardura guztia Gobernuak du.
Hori aski ez, proiektuaren tramitazioak aitzinerat segitzen du eta aitzinerat egite horretan errepartzelazio planaren eta urbanizazio proiektuaren hasierako onespenak etorri dira. Eta, horrekin, hainbaten ikaraldia.
Alde batetik, errepartzelazio planarekin, lur jabe ttiki bakoitzak, proiektuaren garapenarengatik ordaindu beharko duena agertu delako. Baztanek adibidez lur zati batengatik 100.000 euro ordaindu beharko du.
Bertzetik, urbanizazio proiektuarengatik, gabezi teknikoz josia dagoelako eta behin urbanizazioa eginda Baztango udalak urbanizazio horren mantenimendu batzordean parte hartzerat behartua dagoelako; horrela, gabeziz josiriko proiektu horretatik etorriko diren arazoen konponketan diru publikoa gastatzerat behartuz
Alta, aitzinekoaz gain, bada afera garrantzitsuagorik eta, hori, proiektu honen legitimitate soziala falta da. Lekarozen egin diren herri-galdeketa guztietan, herritarrak proiektuaren aurka agertu dira eta herriko alkatea hautatzeko azkeneko hauteskundeetan, proiektuaren aurkako hautagaiak aise irabazi du. Modu berean, 2016ko ereiaroan Baztanen egindako herri-galdeketan, proiektuaren aurkako jarrera nagusitu zen. Proiektu hau, bere horretan gehiago aitzinatu gabe, utzi beharra dago.
Bada gehiago. Zeren udalez gaindiko izendapen hau iruzur hutsa baita. Baztango udalerriaren izaera bateratuak, udaletxeari, herri baten gaitasuna gainditzen duten proiektuak kudeatzeko ahalmena ematen dio. Lekarozek ezinen baluke, Baztan horretarako dago. Baztan, ez Nafarroako Gobernua.
Azkenik, baino ez garrantzi gutxiagorekin, guztiz onartezina da jazarpen judizialean ari den enpresa sustatzaileko ordezkaria halako batzordean egotea. Herritarrak, hautetsi ohiak eta oraingo hautetsiak isilaratzeko helburuarekin salaketak eta auzibideak abiatu dituen eta herritarren iritzia errespetatzen ez duen enpresaren tokia ez da udaleko batzorde bat.
Laburbilduz batzorde honekin Geroa Baik bere burua zuritzeaz gain, proiektua legitimizatu nahi du. Ez bertzerik. Informazioa eta ardura Iruñean baitaude, ez Baztango Udalean. Hortaz batzorde horren eraketari “ez” erran diogu. Bidenabar, hamaikagarren aldiz, Aroztegiako gaian herritarren errana errespetatzeko eskatuz.