Ortziralean egin zen ez ohiko osoko bilkuran Baztango Udalak
2017ko aurrekontuak EH Bildu (4), Ezkerra (2) eta Auzolaneanen (1) aldeko
bozkekin onartu zituen. Geroa Baik (2) abstentziorat jo zuen eta UPNk (4)
kontra bozkatu zuen. Aurrekontua 7.382. 531 euroko izanen da.
Aurtengo aurrekontuei buruz gastu arruntaren atalean
herrietako eskoletako garbitzaileen plegu berria hornitzeko izan den 47.000
euroko hazkundea aipagarria da. Hazkunde horrekin sektoreko hitzarmena
bermatuko da. Bertzalde arkitektu tekniko berriaren kontratazioak 35.400 euroko
igoera ekarriko du. Kontu bat eta bertze gastu arrunta osotasunean %0,38 igan
da. Urtez urte ikusi ahal izan denez, eta 2016 ere horren erakusgarria da,
udaleko gastu arruntaren egiturak Baztango beharrak neurri handian asetzeko
balio du. Alde batetik azpiegitura publikoaren mantenimendua: herrietako
eskolak, mediku kontsultategiak, bideak, kirol instalakuntzak, argiteria,
garbiketa… Bertzetik, ongizate gizarte aitzinatu bati dagozkion eskubideak eta
zerbitzuak: gizarte zerbitzuak, berdintasuna, euskara, kultura… Eta, gainerakoan,
sustapen arlo desberdinak: turismoa, azokak e.a.
Betiere, aurtengoan sarreretan jaitsiera izan da, hirintzari
lotutako sarrerak %1,55 jaitsi baitira. Jaitsiera hau koiunturala edo egiturazkoa
ote den ikusi beharra dago, horren arabera, aurrekontuen egituran egin
beharreko moldaketak desberdinak izanen baitira.
Gauzak horrela, inbertsioei buruz aurten 339.653 euroko
inbertsioak eginen ditu udalak. Horien artean aipagarrienak Baztan Marka 36.300
(%70 diruz lagundua), Arizkungo eskolako lehorra 30.000, mendiko lanak 154.500
(%50 diruz lagundua), Agozpeko zentralaren ubidearen konponketa 16.000, bideen
hormigoiztatze eta breaztatzea 34.100…
Bertzalde, zorrari buruz, zorraren amortizaziorat 650.000
euro bideratuko da. Aurtengo aurrekontuetan zorra diru-sarrera arrunt guztien
%74koa izanen da, iaz %80koa zen. Ikusten denez, urtetik urtera oinordetzan
hartutako zor handia ttipitzen ari da. Eta, gaur egun, legeak emandako %110eko
gehienezko mugaren azpitik dago. 2010ean %135ekoa zen. Udalak zorra ttipitzen
segitu nahi du, baina behar delarik, ongi justifikatutako inbersioak egiteko
maileguak ere eskatuz. Gaur egun zor bizia 5.368.965 eurokoa da.
Azkenik, diruzaintzako-gerakina edo erremanentea 1.100.000
eurokoa da. 2016ko kontuak hesterakoan horren zati bat bertze inbertsioak
egiteko erabiltzen ahalko da. Nolanahi ere, gobernuko taldeak
diruzaintzako-gerakina eta maileguak eskatzeko ahalmena Nafarroako Gobernurat
aurkeztutako Toki Inbertsio Plana finantziatzeko erabili nahi luke. Deialdi
horretarat 5.000.000 euroko inbertsio programa aurkeztu du (herrietako
saneamenduak, bideak…).