Nafarroako Gobernuak argitaratutako erabilera libreko
funtsen inguruan Baztango udalerria bertze behin bazterturik gelditu da. Eta,
horregatik, alegazioa aurkeztu berri du. Laguntzen behako laster batek
erakusten duen bezala eta adibidetako Baztanek inguruan dituen udalerriak
kontuan harturik, udaletxe eta kontzejuka egiten den diruen banaketa honek
Baztan hamabortz herriz osatua dagoela, bertze behin, ahazten du. Horrela, Baztanek
(15 herri, 7.712 biztanle) 170.000 euro jasotzen baditu, Bortziriak, udal
guztiak baturik (5 herri, 8.700 biztanle) 430.879 euro hartuko ditu eta Malerrekak (12 herri, 5.000 biztale inguru)
402.451 euro. Gauza bera Esteribarrekin alderatuz gero (PILean 10 herri eta
udala, 2.509 biztanle) 318.112 euro edo Erroibar (hamar herri eta udala, 809
biztanle) 221.669 euro. Arrangura, bistan da, ez da udal eta kontzeju horiek
hartuko dutenari buruz, Baztanek jasaten duen bazterketari buruz baizik.
Gaurgero ezaguna denez, Baztanek hamabortz herri ditu,
lurraldez Nafarroako udalerri handiena da, eta azpiegitura sare publiko zabala
du: hamasei eskola-eraikin, zortzi osasun etxe eta mediku-kontsultategi eta
herritarren ur-beharrak asetzeko hogeita zazpi ur-andel. Bertzalde, hemezortzi
pilotaleku, polikiroldegi bat, lehorpeko igerilekua, futbol belagaia; zahar
etxea, kultur etxea…Halaber, Baztango bide-sareari buruz, udalaren ardurapeko 1.626
km. bide daude. Nabarmena denez, erabilera libreko funtsen banaketa Baztango
errealitateari buruz guztiz bidegabea da, Baztan udaletxe bat baita, bai; baina
15 herriz osatua eta 375km2-ko hedadura duena. Horregatik, Baztango udaleko
gobernuak, erabilera libreko funtsei alegazioa aurkeztu die, banaketa begiratu
dezatela eskatuz eta Baztango egiazko errealitatea kontuan hartzeko exigituz;
bailara honi zuzenbidez dagokiona emateko.