Gobernuak eta Nafarroako Hondakinen Mankomunitate guztiek batera abiatu dute kanpaina.
“Organikoak? Bai, mila esker” leloa duen eta Iruñerrian aurkeztu berri den kanpainarekin bat egin dute Baztan Bidasoako hautetsiek.
Eskualdeko herritarrak gai organikoa jatorrian bereiztera animatu eta bereizketa honen garrantzia azpimarratzeko elkartu gara gaurkoan hemen. Nafarroan hondakinen kudeaketan lanean ari diren erakunde publiko GUZTIEK (Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Hondakinen Mankomunitate guztiek eta Baztango Udalak) etxe eta komertzioetako hondakin organikoak ongi bereizteko ekintza eta ohitura egokiak sustatzeko, eta gai organikoa tokian tokiko bilketa sistema erabiliz bereiztearen garrantzia nabarmentzeko setsibilizazio-kanpaina bat aurkeztu dute.
Erran bezala, guk, Baztango Udaleko eta Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateetako ordezkariek, Nafarroako Hondakinen Partzuergoko partaide garen heinean eta gaiak duen garrantziaz oharturik, bat egin dugu kanpaina honekin eta gure eskualdeak zentzu honetan behar duen bulkaldian pausu bat gehiago emateko intentzioz egiten dugu gaurko agerraldia.
Organikoak? Bai, mila esker izenarekin, hondakin biodegradagarriak, (janari hondarrak, inausketa edo kimaketa hondarrak eta lorezaintzako hondarrak nagusiki) kontenedore berdetik atera eta dagokien ontzian bukatzea da helburua, berriro erabili ahal izateko. Behar ez den tokian botatzen badira, materia organiko hori galdu edo ez berreskuratzeaz gain, bertze hondakin frakzio batzuk kutsatzen ditu, hala nola ontziak.
Kanpaina bizpahiru astetan zehar zabalduko da eta denbora tarte honetan eskualdeko komunikabideetan: Xorroxin irratiko iragarkietan, gure Webguneetako banneretan, Xaloa telebistan, Ttipittapa aldizkarian eta eskualdean gehien irakurtzen diren egunkarietan izanen duzue kanpainaren berri.
Ekimenaren asmoa herritarrak gai organikoaren bereziketara animatzea eta honen garrantziaz eta onurez ohartaraztea da. Bereizketa hauek tokian tokiko sistemak erabiliz eginen dira. Gure kasuan, eta momentuz, 5. edukiontzi bidez Lesakan, konpostaren bidez gainerako herrietan eta atez ateko sistema pertsonalizatu bidez sotzaile haundien kasuan. Organikoa den zatia jatorrian ongi bereizten bada aprobetxa daitekeen baliabidea bihurtzen da eta gainerako frakzioen birziklapena ere errazten du, ez bait ditu frakzio hauek kutsatzen. Gai organikoa kontenedore berdeetatik atereaz ere zabortegi batean lurperatua izatea galerazi eta bertako ekonomia indartzeko aukeran bihurtzen dugu. Ekonomia linealetik ekonomia zirkularrera pasatzen gara, eta hori da etorkizuna! Lurretik elikagaiak atera eta hauen hondarrak etekinik aterako ez diogun urruneko lurretan lurperatzea baino ez al da hobe hauek berriz gure lurra indartuko duten ongarri edo enmendakinetan eraldatzea? Honekin ekonomikoki, ekologikoki eta sozialki irabazten dugu.
Gure iritziz argi dago eta organika bereiz biltzearen aldeko apustua egiten dugu.
Organikoak? Bai, mila esker! Hemendik, eta agerraldi honen bidez, Baztan
Bidasoa eskualdeko herritar guztiak animatu nahi ditugu gai organikoa jatorrian
bereizi, edukiontzi berdeetara EZ BOTA eta bere herrian duten bilketa sistema
erabiltzera eta mankomuniatte edo Udalek antolatzen dituzten kanpainetan parte hartzera. Birziklatuz, denok irabazten bait dugu!
Nafarroako Hondakinen Plana 2017-2027
Nafarroan duela zenbait urte hasi ginen ontziak, paper-kartoia eta beira birziklatzen eta zenbait herritarren partehartze zentzudunari esker urtetik urtera emaitzak hobetzea lortu dugu. beraz bide onetik goaz, baina oraindik aunitz dugu hobetzeko!. Batez ere, birziklatzen ez duten horiengatik. Joan den urte akabailan aurkeztu zen Nafarroako datozen hamar urteetarako Hondakinen Plana eta bertan finkatzen diren helburuak lortu ahal izateko ezinbertzekoa zaigu gai organikoaren bilketan sakontzea eta h¡jendeak honen garrantzia ulertzea.
Gai organikoa gure zabor poltsaren ia erdia da eta hau bereizten ez badugu ezinezkoa izanen zaigu Europatik eta Estatutik eskatzen zaizkigun eta gure Planean txertatu ditugun helburuak lortzea, beraz, gai organikoa da orain gure erronka nagusia! Nafar bakoitzak 1,14kg hondakin sortzen ditugu egunero eta gaur egun eskualdean hauen %37,5a birziklatzen dugu. Datorren hamarkadan kopuru hau ia bikoiztera iritsi behar gara, %70a birziklatzera hain xuxen, eta hau ezinekoa da herritarren partehartzerik gabe. Gure ardura da, gure ekonomiarengatik, gure lurrarengatik, gure herriengatik eta gure ondorengoengatik egin behar dugu.
Kanpaina honekin biohondakinen bilketari bulkada bat eman nahi diogu, datozen
urteetan organika bilketa Nafarroako bazter guztietara zabalduko da eta Nafar
guztiak biohondakinak beren etxe, denda, jatetxe, landetxe etab-etan bereizteak eta dagokion lekuan botatzeak duen garrantziaz jabetzea da helburua. Honetaz gain eta Nafarroako Hondakinen Planean aipatzen den moduan ere, azpiegitura sarea haunditzea aurreikusten da, Nafarroako biohondakin guztiak konposta egiteko istalazio publikoetan edo gizarte arloko enpresekin hitzarturiko istalazioetan tratatzeko. Honi esker, bereizitako gai organikoa sortzen den lekutik hurbil tratatu eta aplikatu ahal izanen da. Gure eskualdean 2 konpost planta martxan jartzea aurreikusten da.
Erran bezala bada, eskualdeak bide onetik aurrera egin dezan, IZENA EMAN
ORGANIKAREN BEREIZKETAN: Organikoak? Bai, mila esker!