VIA CAMPESINAREN NAZIOARTEKO ORDEZKARITZAK BAZTAN BISITATU DU


Euskal Herrian egiten ari den Via Campesinaren VII. Nazioarteko biltzarraren barnean, herrialde desberdinetako kidez osatutako ordezkaritza  Baztanerat etorri zen. Bisitaldiaren helburua Euskal Herriko eskualde desberdinetako nekazal proiektuak ezagutzea eta tokiko eragileekin solastatzea izanik, Baztango kasuan,  Baztango Zaporeaken inguruan aritu dira. 

Horrela, astelehen goiz euritsuan Ana Iriarte eta Iñaki Bengoetxearen gidaritzapean Arizkungo Aintzialde auzoko mendiko mahasti ekologikoa bisitatu eta Baztango Xurie proiektuaren berri izan dute. Ondotik Anizerat hurbildu dira eta Baztango produktuekin otordu ederra eginda, bazkalondoan Joseba Otondo Baztango alkatearen, Mikel Altzuart, Baztango Zaporeakeko lehendakariaren eta Juanjo Elizalde EHNE sindikatuaren Nafarroako ordezkariaren  agurra jaso dute. Segidan Aitor Azkaraterekin  Jauregia esnekiak ezagutu dute eta eguna akitzeko Baztango Zaporeakeko ordezkariekin ekimen honi buruz aritu dira.

Via Campesina mundo osoko nekazal erakundeak biltzen ditu eta denera 200 milioi nekazariren bilgunea da. Baztanerat India, Nepal, Bangladesh, Guatemala, Ekuador eta Nikaraguako ordezkariak etorri dira. Mugimendu honek nekazari ttikiak defendatzen ditu eta kapitalismoaren eta neoliberalismoaren aitzinean, herritarren eta herrien elikadura eskubidea bermatzeko elikadura burujabetza defendatzen du, agroekologiaren aldeko apostua eginez. Halaber, oraingo nekazaritza eredua salatzeaz gain, merkatu handien hedapenari eta nazioarteko merkataritza itunei kritika egiten die. Baztango bisitaldian kontu guzti horiei buruz aritzeko aukera  izan dute.


Baztango bisitaldia Hazitik Hozie tokiko garapenerako elkarte herritarrak bideratu eta koordinatu du.