KONTZENTRAZIO PARTZELARIOARI BURUZKO BATZARRA EGIN DUTE ANIZEN


Orain urte eta erdi kontzentrazio partzelarioari buruz Baztango Udalak abiaturiko gogoetaldiari jarraikiz Anizen urrats berria eman dute. Zehazki errateko abuztuaren 11an Anizko lurren jabeekin batzarra egin zen; bertan, Mikel Imazek, Nafarroako Gobernuko nekazal azpiegituretako arduradunak kontzentrazio partzelarioari buruzko argibideak eman zituen. Batzarre horretan Juan Kruz Iriartek Baztango Udaleko nekazaritzako eta mendietako zinegotziak ere parte hartu zuen. Harat hurbildutakoei kontzentrazio partzelarioak zer dakarren azaldu zien Imazek; zer pausu eman behar diren eta bakoitzari nola eraginen zion. Herritarren galderei erantzunez herri inguruko lur urbanizagarriak kontzentraziotik kanpo geldituko zirela erran zien.

Kontzentrazio partzelario prozesua nekazal etxaldeen %70aren babesarekin hasten ahal da. Iduriz, Anizen nahiko aldekoak dira, horregatik, aipatu nekazal etxaldeen babesa eskuratzen saiatuko dira. Imazek erran zuenez prozesu guztia herritarrekin egonez egiten da, beren kezkak eta erranak kontuan hartuz. Modu berean, gobernuko teknikariaren ustez 2018ko gobernuaren aurrekontuetan Anizko kontzentraziorako kontu-saila egiteko aukera legoke.

Aniztarrek batzarra baikor baloratu zuten eta Udalak ere bai. Amaiurren kontzentrazio partzelarioei buruz egin zen mintzalditik, poliki-poliki pausuak ematen ari dira eta, horren lekuko, udalaren eskariz joan den ereiaroan Gobernuko teknikariak Anizerat egin zuten bisitaldia.  Aniztarrak ados badaude, Baztan mailako lehendabiziko esperientzia Basaburuko herri horretan egin nahiko luke udalak.