Abuztuaren 1ean
Nafarroako Gobernuak Lekarozko Aroztegiko proiektuaren birzatiketa plana onartu
ondotik Baztango Batzar Nagusiak atzo egindako ohiko bilkuran birzatiketa plana
berrikusteko gobernuari galdea edo errekerimendua egitea erabaki zuen.
Erabakia
aldeko 20 bozkarekin eta UPN eta Geroa Bairen 6 abstentzioarekin onartu zen. Joseba
Otondo Batzar Nagusiko lehendakariak aurkeztutako idatzian birzatiketa planean
egin beharreko lurzatien aldaketa eta egokitzapenei buruz Batzar Nagusiari deus
ez zitzaiola jakinarazi aipatu zuen eta, hori, prozedura administratiboan akats
larria dela; zeren lurren jabe guztieri beren lurrei buruzko informazioa
jakinarazi behar baitzaie. Batzar Nagusiaren kasuan bertan diren
herrilurrengatik.
Modu berean, Batzar Nagusiko lehendakariak bere harridura
agertu zuen birzatiketa planean egin beharreko katastro aldaketak udalaren eskumena
edo konpetentzia direlako eta udala horretan ari zelarik, uztailaren 28an,
Nafarroako Gobernuak lege zirrikitua baliatuz, katastro aldaketa guztiak
egintzako eman eta birzatiketa plan onartu zuelako. Lehendakariaren erranetan
gobernua ez da interes publikoa defendatzen ari.
Bertzalde, Mattari Plaza
Lekarozko alkateak Aroztegiko eremu barnean dagoen San Martzial ermitaren gaia
aipatu zuen Nafarroko Gobernuak birzatiketa planean Aroztegiko sustatzaile edo
promotoreei eman baitie. Haatik, herriko akta liburua eta bertze informazioak
baliatuz ermita herriarena dela argudiatu zuen Plazak eta, horregatik,
Lekarozko herriak ere birzatiketa planari buruzko galdea egin diola Nafarroako
Gobernuari.
Otondok Aroztegiko aferan Baztango erakundeak beren konpetentzia
guztietaz hustutzen ari direla erran zuen: udalez gaindiko eragina duen
planarekin hasi ziren eta orain katastro aldaketak egiteko ahalmena kendu dute,
Baztango erakundeen izatea kinkan utziz.
Atzo onartutako
galdea administrazioarekiko auzi epaitegirat jo aitzineko pausua da, hortaz,
Nafarroako Gobernuak kasurik egiten ez badu, birzatiketa planak epaitegietan
akitzen ahal du.