Nekazal errenten dibertsifikazioaz
interesaturik Jo ala Jo eta Hazitik Hoziek antolaturik larunbatean baztandar
talde batek Donaixtiko Eztigar kooperatiba bisitatu zuen. Orain hogeita hamar
urte sortutako proiektuak Ipar Euskal Herriko sagar ekoizleen sagarrekin
sagarno, sagar-zuku, sagar-ozpin, konpota eta gelatina egiten du eta tokiko
ekonomia indartzeko baliabide garrantzitsua da.
Marie Askona kooperatibako kudeatzaileak aipatu
zuenez proiektuak hiru hanka ditu. Alde batetik sagarren eraldaketaz arduratzen
den Segida S.A.R.L dago, bertzetik Eztigar kooperatiba eta, azkenik, Sagartzea
elkartea. Lehendabiziko pausuak Sagartzea elkarteak eman zituen eta Ipar Euskal
Herrian arrunt desagerturik ziren sagarrondoak eta sagarraren kultura
berreskuratzen hasi zen. Hogeita hamar kide inguru zituen elkarteak 12.000
sagarrondo landatu zituen eta sagarrak ematen hasi zirelarik horiekin sagardoa
eta sagar-zukua egiten hasi ziren. Momentu horretan kooperatiba sortu zuten.
Alta, kooperatiba bolondres lanean oinarritzen zenez ez zen behar zuen bezain
eraginkorra eta orain zazpi urte kooperatibako zazpi kidek eta Eztigarrek
Segida S.A.R.L sortu zuten, Eztigarreko kideen sagarrak erosi eta produktu
desberdinak elaboratzen dituena. Segidak hiru lanpostu eta erdi sortu ditu, 100.000
litro sagardo eta sagar-zuku egiten du eta urtero 300.000 euroko negozio
bolumena du. Halaber, sagarraren kiloa 25-26 zentimotan ordaintzen du eta
nekazal errenten dibertsifikazioarako baliagarria da; gainera, Baxe-Nafarroako
barnealdean lanpostuak sortzeko balio izan du. Segidak bertako sagar
barietateekin bakarrik lana egiten du eta laneko behar dituen langile guztiak
ahalik hurbilenekoak izaten saiatzen da. Modu berean produkzio guztia Ipar
Euskal Herrian saltzen dute, nahiz kanporat esportatzeko eskaintza bat baino
gehiago izan duten. Sagardi guztiak ekologikoan ari dira nahiz denek ez duten
ziurtagiria. Marie Askonak jakinarazi zuenez Segidak ekoizten dituen Eztigar
produktuen oraingo kalitate mailarat ailegatzeko lan handia egin behar izan dute
eta aunitz ikasi ere bai. Esperientziak erakutsi die proiektu kooperatiboak
modu profesionalean kudeatu behar direla eta bolondres lana egiten ari denaren
osagarria behar duela izan, ez oinarria.
Segidako kudeatzaileak proiektuari buruzko
argibideetan instalakuntzak Donaixtiko udalarenak direla aipatu zuen eta
beraiek alokairuan daudela. Kooperatibak edo Segidak inbertsio guztia egin
behar izatera proiektu ez zela inondik bideragarria izanen aitortu zuen.
Donaixitirat egindako bisita iaz Hazitik Hoziek
Irunberriko Josenea belar aromatiko eta medizinalean enpresa sozialerat
egindako bisitaldiaren segida da. Bisitaldi hauen helburua Baztango garapen
sozioekonomikorako proiektu interesgarriak ikustea eta horietaz ikastea da.