ADINEKOEN BEHARREI BURUZKO DIAGNOSIA EGINEN DU UDALAK

Baztango Udalak bi zerbitzu berri paratu ditu martxan: ETXEZ-ETXEKO JANARI BANAKETA ETA ARROPA GARBITZEKO ZERBITZUA. Horren harira Baztango alkateak adinekoen demografiari buruzko hausnarketa egin zuen eta Udalak martxan paratuko duen azterketaren berri eman:

Baztango Udalak adinekoen zaintzari buruz pausu berria eman eta gaurkoan otorduak etxetarat eramateko zerbitzua eta arropen garbiketa zerbitzua aurkeztuko ditu. Gizarte aitzinatuetako ezaugarri nabarmenetako bat adinekoek demografikoki geroz eta gehiago duten pisua da. Baztanen adibidez, 65 urtetik goragokoak %20,5 inguru dira. Bizi-itxaropena luzatu da eta jaiotze tasa jaitsi. Hori sakoneko joera denez, ondoko urteetan 65 urtetik gorakoen portzentajea handituko da.

Biztanleriaren zahartzearekin batean, mendekotasun egoerak handituko dira eta jendarteak orokorrean, baina administrazio publikoak bereziki, horri begira zerbitzu berriak eman beharko ditu. Helburua adineko jendeak ahalik eta hobekien zaintzea baita. Horretarako, azkeneko hilabeteetan udaleko gizarte zerbitzuak zaharretxearen ardura duen IDEAren laguntzarekin otordu eta garbiketa zerbitzua antolatu du.Izan ere otorduen eta arropen garbiketa zerbitzua zaharretxeko baliabideak erabiliz eskainiko baita.

Nolanahi ere adinekoen zaintzari buruz udalaren bulkaldia ez da honetarat mugatzen. Urtarrilaren hasieran Baztango Udalak hirugarren adinak Baztanen duen egoerari buruzko azterlana egiteko kontratazio prozedura abiatu du. Azterlan honekin udalak adinekoen beharrei buruzko diagnosia izanen du eta oraingo eta etorkizuneko politikak planifikatzen ahalko ditu. Azterlan honetan oraingo zerbitzuak aztertuko ditu gabeziak eta alternatibak ikusiz; baliabide eta dotazioak kudeatzeko ereduari buruzko gogoeta eta bideragarritasunaren azterketa eta, azkenik, diagnosiak heldu direnak kontuan harturik etorkizuneko proposamenak egitea. Guzti horretarako udalak 12.000 euroko kontusaila bideratu du.

Baztango Udalak hirugarren adinekoekin lagunkoia den udalerria izateko bidea hasi du eta, horri buruz, Qpea fundazioarekin lanketa hasi du. Ekimen honen helburua hirugarren adinekoek bizitza independentea eta zahartze aktiboa izateko ingurunea egokitzea da. Horretarako osasun, parte hartze eta segurtasun arloetan aukerak hobetuz. Ekimen honetako udalak 1.800 euroko laguntza bideratu du.