Agroekologia eskolak antolatu dituzte Hazitik Hozie elkartea eta Baztango Udala elkarlanean eta horren aurkezpena egin dute aste hontan. Aitor Azkarate eta Joseba Otondo antolatzaileen izenean solastu ziren, xehetasunak emanez:
AITOR AZKARATE (Hazitik Hozie)
Bigarren urtez, Baztango Agroekologia Eskola Herritarra
eginen dugu Baztanen, eta gaur, 2018ko egitaraua aurkeztuko dugu. Eskola honen
helburua herritarrak agroekologiarat hurbiltzea da. Agroekologiak etorkizuna
erran nahi du. Agroekologia jaten dugunaz kezkatzea da, jatekoak produzitzeko
teknika eta moduetaz ardura hartzea, lan-harreman eta bizi-baldintza justuak
bulkatzea, ingurugiroa eta osasuna zaintzea, landa-eremu bizien alde lana
egitea. Gaur egun nagusi den produzitzeko eredu industrial eta intentsiboarekin
nekazariak hankapean hartzen dituzte, kontsumitzaileak jateko eskasekin bazkatzen, landa-eremuak desegituratu eta
husten; ingurunea pozoitzen. Bizia maite dugulako, eredu aldaketa bulkatu
beharra dago, agroekologiaren bidea ibili.
Ildo horretatik,iaz, Baztango zortzi elkarte eta erakunderen
ekimenak koordinatu eta Baztango Agroekologia Eskola Herritarraren izenburupean
egitarau bateratua eskaini genuen. Ekitaldi desberdinetan 120 herritarrek parte
hartu zuten. Alde horretatik, bai edukietan bai parte hartzean balorazio
positiboa egiten dugu.
Aurten elkarte eta erakunde gehiagok parte hartuko dute eta
eskaintza ia osorik berritu ahal izan dugu; agroekologiaren aukerak mugagabeak
direnaren erakusle. 2018ko egitaraua hauxe duzue:
- Baratzeko haziak prestatzeko ikastaroa Otsailaren 24an, Oronozko batzartokian, 10:00tatik 12:00tara. Irakaslea Ruth Peña baratzezaina
- Haziaren eguna Martxoaren 10ean, aurtengoa Zigan. 11:30tan hazien trukea eta 12:30tan Jakoba Errekondorekin mintzaldia
- Solasaldia: Glisofatoa-Rondup, inguruaren pozoiketa eta jendeen minbizia Martxoaren 22an, Elizondon, Arizkunenean, 19:30tan. Elean Paul Bengoa EHNEko teknikaria
- Bertako zuhaitz espezie eta barietateak ezagutzeko ibilaldia Martxoaren 24an, Berroetan, 9:00tan; gidaria: Xabier Zabaleta
- Garagardo ekologikoa egiteko ikastaroa Apirilan, Aise elkartean, Elizondon
- Gasnagintza ikastaroa Maiatzaren 12an, Elizondon, Autxitxia gasnategian. Irakaslea Ramon Agirre
- Larraldea sagardotegi eta sagardi ekologikorat ateraldia Ereiaroan, Lekarozen. Gidaria: Jesus Angel Garcia
- Asteburu mikologikoa Buruila-urrian. Ibilaldia, erakusketa eta dastaketa. Elizondon
- Inguruen izenak eta toponomia ezagutzeko ibilaldia Urrian Antzanborda-Berro aldean, Elizondon. Azaroan Aniz inguruan.
- Zerri mondonga ikastaroa II Abenduan. Aurten patea, saltxitxoia eta odolkiari buruz. Irakaslea Lorentzo Sarratea
- Ogi ekologikoa egiteko ikastaroa. Abenduan. Irakaslea Xabier Akizu.
Antolatzaileak berriz: Hazitik hozie, EHNE, Lekarozko Legate elkartea, Elizondoko Aise
eta Erlategi elkarteak, Berroetako Gure ametsa elkartea, Anizko Mendiarte
elkartea, Anizko herria, Zigako herria, Berroetako herria, Elizondo herria eta
Baztango Udala.
Baztango agroekologia eskola herritarrak helburu
dibulgatiboa du, herritarren kontzientzia piztekoa. Baina ez dugu horretarako
bakarrik sortu. Eskolaren nahia helburu
handiagoetarako aukerak sortzea baita, eta
hori argi eta garbi, eskualdeko lanbide heziketa ikastetxe berrian euskaraz emanen den
agroekologiako erdi zikloa eskaintzea da. Hortaz, gaurko eguna eskakizun hori
mahai gainean paratzeko eta publiko egiteko aprobetxatu nahi dugu. Eskualdearen
garapenerako agroekologiako formazioa
estrategikoa baita. Heziketa horrek gainera Baztanen gaurgero abian diren
proiektuekin bat eginen luke: etxalde agroekologikoak, ziurtagiri ekologikoa
duten bazkaleku komunalak eta udal hiltegia, agroekologia eskola herritarra
bera…
Nekazal politikek nekazal sektorea errekarat eraman dute eta
desagertzeko bidean paratu. Eredu intensibo, industrial eta produktibistak
baserriak hankaz goiti igorri ditu. Iaz Danone eta eskualdeko baserriekin
pasatu zena argigarria izan da. Erne ez bagabiltza, etzi iratzartzen garelarik,
inguruetan nekazaririk ez dugula ikusteko arriskua izanen dugu. Egun hori
etortzera ez da uzten ahal. Egun horrek gure jatekoak produzitzeko ahalmenik
gabe gelditu garela erran nahiko baitu, eta zernahi jatera behartuak izanen
garela; gure mendi eta bazterrak sasiak hartuko dituela, nekazarien jakitatea
eta kultura galdu dela eta, seguru aski, auzo eta herri ttikiak hustu direla.
Etorkizuna nahi dugulako eta etorkizun zuzen eta hobeagoa, jatekoak bertan
produzitu behar direla uste dugu; jatekoak produzitzen dituzten nekazariek
soldata duinak eta lan-baldintza onak behar dituztela, gure ingurua zaindu
behar dugula pozoindu gabe eta auzo eta herri ttikiak bizirik atxeki behar
ditugula. Horretarako Ipar Euskal Herriko nekazariek aldarrikatzen eta egunero
lantzen duten nekazaritza herrikoi eta iraunkorra behar dugu eta agroekologia
ere bai. Jatekoak ez dira industria eta banatzaile handien eskuetan gelditzen
ahal, herritarren eta nekazarien eskuetan egon behar dute.
Horregatik, bigarren urtez eginen dugun Baztango
Agroekologia Eskola Herritarren aurkezpena, eskualdeko lanbide heziketa ikastetxe berrian
agroekologiako erdi zikloa eskaintzeko eskatzeko baliatu nahi dugu.
Gaurgero arduradun desberdinei eskakizuna jakinarazi zaie. Denen
artean posible da.