2018/03/27

ETXE ZAHARRAREN ZAHARBERRITZEARI BURUZKO GOGOETA EGIN DUTE BAZTANEN



Baztango Udaletxearen ekimenez eta Eusko Ikaskuntzaren laguntzarekin ortziralean Baztango Udaletxean etxeen biziberritzean dauden arazo eta erronketaz aritu ziren. Joseba Otondo alkateak bailarako bizitegien %68 1900. urtea baino lehenagokoa zela erran zuen eta horrek bizitegi-parke berezia erakusten duela, arras handiak diren etxe zaharrak hain zuzen. Aldi berean bizitegien %22 inguru hutsik dagoela erran zuen eta datu hori bertze herrialdeekin alderatu zuen: Frantzian %6, Britainia Handian %3 edo Suedian %1,3. Hori horrela galdera hau egin zuen: Aroztegiarekin bezala pelotazoetan oinarritzen den Marbellako eredurat begiratu nahi dugu edo Suedia alderat?

Ondotik Julen Landa Gislaneko teknikaria mintzatu zen. Euskal Herriko landa-eremuari buruzko azterketa egin zuen eta Baztango errealitatea horretan testuinguratu. Populazioa atxekitzeko tenorean zerbitzuen eskuragarritasuna, enplegu espektatibak e.a. duten garrantziaz aritu zen. Baztani buruz piramide demografikoa kontuan hartuta ondoko hamarraldietan zahartze handia emanen dela aitzinatu zuen. Betiere, landa-inguruneak biziarazteko udalerriak iraunkortasun paradigmatik begiratu behar direla erran zuen, defizit demografikoari eta gazteen ihesari aurre eginez eta garapen endogenoa bulkatuz (elikadura burujabetza, energia trantsizioa, zaintzari eta osasunari lotutako jarduerak, teknologia berrien garapena…). Halaber, etxebizitza eskuragarritasuna bermatzeko politika publikoen beharra aipatu zuen.

Bertzalde Donezteben dagoen Nasuvinsako bulegoko teknikariek Nafarroako Gobernuak etxeak zaharberritzeko ematen dituen dirulaguntzak aipatu zituzten. Halaber, Donezteben bulkatzen ari diren Hiri Jarduketa Plan Bereziak eta hari loturiko zaharberritzeko lehentasuna duen eremuaren izendapen eta kudeaketaz aritu ziren, horiek bizitegiak biziberritzeko eskaintzen duten aukerak aztertuz.

Akitzeko udalerriko arkitektuekin mahai-ingurua egin zen. Borja Izagirre udal arkitektuaren gidaritzapean Mitxel Etxenike, Ines Laborra, Juan Mari Aleman eta Idoia Danboriena zaharberritzeko tenorean izaten diren arazoak aipatu zituzten: ondarearen zainketa eta bizigarritasun baldintzak bateratzeko dauden zailtasunak, dirulaguntzak hirietako etxeen tipologietarako pentsatuak daudela, promozio arazoak, aurrekontu handiak e.a.

Akaberan Joseba Otondo alkateak aipatu zuen lehen helburua etxeen zaharberritzea eta eraikitako ondarearen erabilerari buruzko kezka afera publikoen lehendabiziko tokian paratzea zela,  gisa horretan proposamen eta neurriak lantzen hasteko.