ETXE HANDIEN ZAHARBERRITZEA ERRAZTEKO BIZIGARRITASUN BALDINTZAK ALDATZEKO ESKATU DIO GOBERNUARI BAZTANGO UDALAK


Apirileko ohiko osoko bilkuran bailarako etxe zahar eta tzarrak aiseago berritzeko, Nafarroako Gobernuari bizigarritasun baldintzak arautzen dituen Foru Dekretua aldatzeko eskaria egitea onartu zuten bertaratuek. EH Bilduk aurkeztutako mozioa gainerako alderdi guztien babesa izan zuen.

Mozioan aipatzen denez Baztanen eta Nafarroako mendialde osoan lehenagoko etxe aunitz daude, solairuko 200 metro karratu edo gehiago eduki dezaketenak, baina oraingo bizimodurako funtzionaltasunik ez dutenak.  Baztanen adibidez, 2001eko zentsoaren arabera etxebizitzen %69 1.900 urtea baino lehenagokoa zen. Etxe horiek gehienak hutsik gelditzen ari dira, eta horretarako, aski da herriguneetan gertatzen ari denaz ohartzea. Horregatik, EH Bilduren erranetan etxe horiek berritzeko eta oraingo bizimodurat egokitzeko baliabideak paratzen ez badira herriguneak hustu eta ondare guzti hori gainbehera etorriko da.

Mozioan heldu denez bizigarritasun baldintzak arautzen dituen Foru Dekretuak ez du mendialdeko etxe handi eta aspaldiko hauen egoera kontuan hartzen eta zailtasun handiak paratzen ditu. Horregatik, EH Bilduk foru dekretua aldatzeko proposatu du eta hemengo eraikin tipologia kontua hartuko duen araua egitea.

Baztango EH Bildutik jakinarazi dutenez ekimena mozioaren onarpen hutsean ez gelditzeko ekimen parlamentarioa ere abiatuko dute.

Apirilaren hasieran Baztango Udalak Eusko Ikaskuntzarekin etxeak zaharberritzeko gogoetaldia antolatu zuen eta, mozio hau, orduan proposatutako ideien haritik heldu da.