PALACIO DE AROZTEGIAREN SALAKETARENGATIK BAZTANGO UDAL GOBERNUKO HAUTETSIEK EPAILEAREN AITZINEAN DEKLARATU BEHARKO DUTE.


Joan den urteko ereiaroan Elizondoko plazan Aroztegiko proiektu urbanistikoaren kontra egindako Komantxeen kanpaldiarengatik, Palacio de Aroztegia enpresak Baztango Udal Gobernuko bortz kideen aurka salaketa paratu zuen: Joseba Otondo alkatea, Mikel Ortega alkateordea, Maite Iturre, Florentino Goñi eta Iñigo Iturralde zinegotziak. Orain, ortzegun honetan, Nafarroako Auzitegi Nagusian epailearen aitzinean deklaratu beharko dute. Ez da lehendabiziko aldia Palacio de Aroztegia enpresak Baztango udal hautetsien aurka salaketa paratzen duena, aitzinekoetan Garbiñe Elizegi eta Joseba Otondo alkateen aurka judizialki jo izan baitu.

Salatutakoen deklarazioa ortzegunean goizeko 10:00etatik aitzinerat hasiko da Iruñean dagoen Nafarroako Auzitegi Nagusian. 9:30etan toki berean elkarretaratzea eginen da Jazarpen judizialik ez. Aroztegia geldituko lemarekin.

Otondok salatu duenez “Palacio de Aroztegiak baztandarrak hankapean hartu nahi ditu, Baztango erakundeak suntsitu eta herri-lurrak bereganatu. Eta beraien erranetara ez makurtzeagatik, izutu nahi gaitu. Baina herritarren alde zutik segituko dugu, ez gaituzte menpean hartuko".