(H)ILBELTZAKO WEB GUNEAN ITZULTZAILE BATI EGIN DIOTE ELKARRIZKETA: IDOIA SANTAMARIA

Idoia Santamariak itzuli duen Alfred Dürrenmatten EPAILEA ETA HAREN BORREROA liburua oinarri hartuta, liburu bera eta itzulpen prozesuari buruz aritu da elkarrizketan:

 Epailea eta haren borreroa nobelak zer leku du Alfred Dürrenmatten obra osoaren barrenean.

Dürrenmatt antzezlanek egin dute ezagun batik bat literaturan. Adineko damaren bisita (Der Besuch der alten Dame, 1956) eta Fisikariak (Die Physiker, 1962), esaterako —bere antzezlanen artean ezagunenak—,  behin eta berriz antzezten dira oraindik ere Europako antzoki nagusietan, eta Bertolt Brecht alemaniar dramaturgo ospetsuaren lanekin alderatu izan dira antzezlanok. Baina, antzerkiaz gainera, beste genero askotako lanak ere idatzi zituen Dürrenmattek: besteak beste, nobela beltzak, saiakerak, kritikak, istorio laburrak eta entzuteko istorioak (arrakasta handia dute entzuteko istorioek Alemanian eta beste herrialde germanofonoetan, Hörspiele izenaz).