JACAKO ELIKAGAI-ENPRESEN HAZTEGIA BISITATU DU BAZTANGO ORDEZKARITZAK



Baztanen elikagaien eraldaketa bulkatzeko eta horrela lehendabiziko sektoreari aukera berriak emateko eta tokiko industria agroalimentarioa indartzeko, bailarako hainbat ordezkari Jacarat joan dira, Adecuara landa garapen elkarteak egindako elikagai-enpresen haztegia ezagutzeko. Jacako haztegia 2016tik abian da eta eraldaketarako hiru gela eskaintzen ditu: haragiendako obradorea, mermeladak eta postregintzako gela eta aitzinetik prestatutako otorduetarako tokia. Horrela, jarduera ekonomiko berriak hasi nahi dituzten nekazari eta interesdunen eskura uzten da azpiegitura hori, inbertsio handirik egin gabe, buruan dituzten negozio ideiak saiatzeko. Azpiegitura erabiltzaile desberdinen artean elkarbanatzen dute, horretarako egutegia eta ordutegia finkatuz; gehienez lau urtez erabiltzeko eskubidea dute, epe horren ondotik, proiektuarekin aitzinerat segitzeko edo dena bere horretan uzteko erabakia hartu beharra dute.

Adecuara elkarteak Jacakoaz gain, Biescasen bertze haztegia du. Biak ere Europako Leader funtsekin finantziatuak.

Baztanen aspaldi dabiltza horrelako ideiarekin, horregatik, gaurkoan ordezkaritza zabala hurbildu da harat: Joseba Otondo alkatea, Baztango Zaporeakeko Itziar Larratxea, Lorentzo Sarratea eta Jesus Angel Gartzia, Marian Zestau Cederna-Garalurreko teknikaria eta Iratxe Rekalde. Arantxa Arregi Lursareako -Nafarroako iraunkortasunaren agentziako- arduraduna ere bertan zen. Mintzaide berriz, Adecuarako teknikariak eta haztegi proiektuaren sustatzaileak izan dituzte.