José Bové frantziako nekazari-sindikalista eta
europarlamentaria entzuteko Arizkunenea kultur etxeko sabaiak gainezka egin
zuen larunbatean. Landa eremuen eta
nekazaritzaren etorkizunaz aritzeko gonbidatu zuen Baztango Udalak, Hazitik
hozie elkartearen laguntzarekin. Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza
Ganbarako lehendakari ohia ondoan zuela luzaz mintzatu zen, Landa Begiradak
izenburuko jardunaldien barnean.
Bovék Larzacen, bere sorterrian bizi izandako esperientzia
kontatu zuen, azpimarratuz, bertze nekazaritza eredu bati buruzko bidean
lehendabiziko lana nekazari izatearen harrotasuna berreskuratzea izan zela.
1968 inguruan ustiategietaz solasean hasi ziren, ustiategi arduraduna e.a. eta
beraiek nekazari edo baserritar izatea aldarrikatu zuten. Ustiategiek
lehengaiak produzitzen dituzte, nekazariek elikadura. Nekazariak lurraldea eraikitzen
laguntzen du, konpromiso soziala du… Hortaz, administrazioak paratu zien
ustiategi arduradun etiketa kendu eta nekazari gisa harro agertzen hasi
ziren. Nekazal lurren eskuragarritasunaz
ere mintzatu zen. Espekulazioa motzean kontu behar dela eta nahiz lurra
jabetzan izan, lurra ondare kolektiboa dela eta gizarteak gisa horretan arautu
behar duela. Nekazal lurren salerosketarekin ematen den espekulazioa
galerazteko salmenta zergak goratzea proposatu zuen.
Bertzalde, erakundeek uste dutenaren kontra, dinamika
ekonomikoa dinamika sozialak ekartzen duela erran zuen. Jendeak herrian gelditu
nahi duela erabakitzen duelarik, orduan hasten da hori hala izateko alternatiba
ekonomikoaen eraikuntzan. Hortaz, proiektu handien kontrako borrokek,
alternatiba ekonomikoaren eraikuntza ekartzen dutela erran zuen. Modu horretan,
Erdiz eta Aroztegiko proiektuak kritikatu zituen eta Nafarroako Gobernua egiten
ari den dekretua ere bai, 1200 behi buru artioko behitegiak baimenduko
dituelako.
Halaber nekazariak eta gainerako herritarrak elkartzearen
beharraz solastatu zen. Nekazarien rol soziala elikagaiak egitea da, baina hori
herri proiektu baten barnean egin behar da. Nekazariak eta herritarrak
elkarturik eredu industrialaren eta krisi klimatikoaren aitzinean alternatibak
sortzen ahal dira. Jendarteak ez du nekazaritza industriala ulertzen glisofato
eta pestiziden erabilera, transgenikoak… Jendarteak kalitatezko elikagaiak nahi
ditu, hortaz, bidea nekazaritza iraunkorra da proiektu sozial, ekologiko eta
ekonomiko zabalago baten barnean. Bidenabar, alternatiben eraikuntza galerazten
duen ereduaren kontra borrokatu behar dela erran zuen.
Ildo horretan, nekazaritza industriala salatu zuen,
nekazaritza ttipiarekin akitzen baitu, landaguneak hustuarazten, klima aldaketa
sortzen duen metanoa isurtzen eta animaliak gaizki tratatzen. Gainera
energetikoki ez da bideragarria, bazkak bertze tokietatik ekartzen dituelako. Bertze
lurraldeen bizkar egiten den nekazaritza dela erran zuen. Eta nekazaritza
industrialari ez zitzaiola PAC laguntzarik eman beharko.
Akitzeko heldu den PAC berriari buruz mintzatu zen. Iduri
duenez Europak PACera bideratuko duen aurrekontua dezente murriztuko da eta
horrek bertze nekazal eredu bati buruz ibiltzeko zailtasunak ekarriko ditu.