GAUR GOIZEAN BAZTANGO NEKAZARI GAZTEEI HARRERA EGIN DIE UDALAK



Gaurko ekitaldi xalo eta xume honekin nekazalgoan hasteko eman duzuen pausua eskertu nahi dizuegu. Eskertu nahi dizuegu herritarrendako jatekoak egiteagatik, ingurua zaintzeagatik eta nekazal kultura mantentzeagatik. Baztanen 30 urtez azpitik 12 nekazari zaudete, Nafarroako mendialdeko gainerako tokiekin konparatuz gero alimaleko zifra. Alta, Baztanek nekazari gehiago behar ditu. Horregatik, sektorea gaztetzeko eta berritzeko beharrean azpimarra egin nahi dugu. Zeren Baztango nekazari profesionalak 233 baldin badira, %47ak 55 urte baino gehiago baititu.

Hamarkadak dira nekazal politika desberdinek mendialdeko nekazaritza estu hartu dutela eta gainbehera ekarri. Horri buelta eman behar zaio eta lan-baldintza duinak eta justuak sortuko dituen nekazaritza eredua bulkatzea ezinbertzekoa da. Eredu berria bulkatzeko gizartearekin elkarrizketa hastea beharreazkoa da. Orain urte bat Elizondon esne sektorearen alde egin zen manifestaldian ikusi zen bezala, herritarrek nekazaritza nahi dute. Baina oraingo sistemarekin ezinezkoa da. Beraz, gizarte osoarekin elkarlana egitea beharrezkoa da: herritarrek jateko onak nahi dituzte, inguru zainduak, nekazal kultura bere zabaltasunean  eta nekazariek hori bera egiten ahal  dute.  Baztan nekazaritzarik gabe pentsaezina da. Ehunka urtetan garatutako kultura, ingurua, paisaia… Horiek denak nekazaritzak egin ditu. Hori gabe, arrantzalerik gabe kostaldeko herrien gisakoetan bihurtuko gara: postalean.  

Gainerako herritarrekin elkarrizketa horretan, nekazaritza eta elikaduraren arteko harremana indartzea beharrezkoa da. Herritarrek  zer jaten dugun, nola produzitzen den, nondik heldu den, ze lan-baldintzetan egin den, inguruan duen eragina…   jakin nahi dute eta horren parte izan ere bai.  Landa eremuak eta mendialdea bizirik atxekitzeko galdera eta kezka horien gainean  aritu beharko gara denak.

Horretarako, oraingo nekazaritza kontrolatzen duten banatzaile handi, industria eta hornitzaileen gainetik, tokiko aliantzak indartu behar dira nekazarien eta herritarren artekoak. Eta nekazari eta herritarrek agindu gainerakoei zer eta nola produzituko den, rabazpideak nola banatuko diren…
Aldi berean, horri buruz lege eta dekretu zuzenak egin behar dira. Orain berean Nafarroako Gobernua lantzen ari den nekazal ustiategien baldintza higieniko-sanitarioen dekretuan 1.200 behi buru eta 6.000 ardi buru artioko esplotazioak baimentzeaz ari dira. Neurri horretarainokoak utziz gero, bistan da, mendialdean nekazaritza ezinezkoa izanen da. Horregatik, aliantzak. Nekazarien eta herritarren artean, bideragarriak eta zentzuzkoak diren nekazal ereduak bultzatzeko.

Gazte hasi berriak izanik gogotsu eta ilusioz egonen zarete. Beharrezkoa da ilusio eta gogoa norberaren lanerako eta beharrezkoa da ere zuen artean elkartu, bizi dituzuenak elkarbanatu eta elkarlaguntzeko. Elkarren berri izatea, nekazal kontzientzia izatea eta dinamika kolektiboetan parte hartzea. Bakarka bertzenaz bertzeak nagusitzen dira.

Akitzeko eta sobera ez luzatzeko, urtetan nekazaritzari ez zaio baliorik eman eta bazterturik egon da, sektoreak dituen zailtasunei guttiespen sozialarena gehituz. Ekitaldi honekin hain zuzen eta  aitorpen instituzional hau eginez, nekazarien lanaren garrantzia nabarmendu nahi dugu eta eman duzuen pausua bertze gazteendako eredua izan dadila agertu. Iduriz, heldu den urterako bertze bi nekazari gehiago izanen dira.

Nekazaririk gabe jatekorik ez dago, zaindutako ingururik ere ez.  Esker mila hartutako konpromisoarengatik. Eutsi baserriari!