Gure eguneroko jardueretarako erabiltzen dugun energia,
batik bat, kanpoko iturrietatik ailegatzen da.
Motor bidezko garraioan petrolioaren deribatuak (gasolina
eta gasolioa) erabiltzen dira.
Etxeetan, berriz, kontsumitzen dugun energia, gehienbat,
elektrizitatetik (argiztapena, aparatuen funtzionamendua) edo petrolioaren deribatuetatik
lortzen dugu, gasetik, errate baterako (berokuntza eta urberoa).
Elektrizitatea,
ordea, energia primarioetatik dator (ikatza, petrolioa, nuklearra edo berriztagarriak).
Gaur egun, Nafarroan, energia-iturri primarioak petroliotik eratorritakoak
dira. Era horretan, egunerokoan erabiltzen dugun elektrizitatea petrolioaren edo
gasaren eratorrietatik heldu da nagusiki. Denok dakigunez, petrolioaren errekuntza
edo konbustioa da negutegi efektua sortzen duen gas isurketen sortzaile
nagusia, Lurraren beroketa eraginez. Bertzalde, petrolio erreserbak mugatuak dira,
eta akitzear daudenez, etorkizun beltza aurreikus genezake petroliotik eratorritako
energiarendako, eta, beraz, bertatik lortzen den elektrizitatearendako.
Erran beharra dago, elektrizitatea merkaturatzea, gehienbat,
konpainia handien esku dagoela. Konpainia horiek, herritarrei energia-zerbitzua
eskeintzeaz harago, beraien etekinak lehenesten dituzte, Espainian Europako elektrizitate
tarifa altuenetakoak paratuz.
Duela urte batzuk, elektrizitatea merkaturatzen duten irabazi
asmorik gabeko kooperatiba batzuk sortu ziren. Hauek, elektrizitate berriztagarria
merkaturatzen dute eta bazkideei erabakiak hartzeko aukera ematen diete. Gure inguruan
bi nabarmen genitzake: Energia Gara eta Goiener. Kooperatiba
horietako partaide izanik, klima aldaketaren
kontrako borrokan parte hartuko dugu, etorkizunean energia agortzeko arriskua
gutituko dugu, gure energiaren hornikuntzan burujabeagoak izanen gara eta
tarifen igoera saihestuko dugu.
Arrazoi
horiengatik guztiengatik, proposatutakobi kooperatiba horietako batean izena ematera
animatu nahi zaituztegu. Hartara, uda baino lehenago,Baztanen ehun bazkide berri
lortzeko helburua erdietsi nahiko genuke.