BAZTANEK 8.769.442 EUROKO AURREKONTU BAKAR ETA OSOA ONARTU DU


Udalarena 8.048.268 eurokoa da, Baztan udal ikastolarena 690.666 eurokoa (udalaren gain 54.000 euro) eta zaharretxearena 135.508 eurokoa. Baztango aurrekontu bateratuaz gain, Giltxaurdi enpresa publikoarena ere onartu dute 429.446,28 eurokoa.

Otsailaren 28 arratsaldean Baztango Udalean egin zen ohiko osoko bilkuran 2019. urteko aurrekontu bateratua onartu zuten EH Bilduren, Ezkerraren eta Baztan Auzolanean aldeko 7 bozkekin eta UPNren eta Geroa Bairen aurkako 6ekin. Aurtengo aurrekontuak azkeneko urteetakoen ildoan heldu dira, gastu arruntaren egitura bertsuarekin eta zorra jaitsiz mozketa sozialik egin gabe.

Udalaren zorrari buruz, preseski, 2019ko urtarrilaren 1ean 4.282.431,97 eurokoa zen, sendotutako sarrera arrunten %56,15ekoa, legeak paratzen duen %110eko mugaren azpitik eta 2011. urteko %130etik urrun; urte horretan zorra 9.700.000 eurokoa zen. Onartu berri diren aurrekontuen arabera, urtearen hondarrerako zorra 3.791.831,97 eurokoa izanen da.

Bertzalde, gastu arruntaren atala berdintsu mantentzen da, nahiz langileen ordainsarietan izan diren iganaldi desberdinengatik eta plantillan sortu den administrari ofizial postu berriarengatik pixkat igan, %3,12.

Modu berean, sarrerak handitu dira, batez transferentzia arrunten funtsa handitu delako, kasu honetan %4,89, hain zuzen.

Aipatutakoaren ondorioz Baztango Udalak 1.480.700 euroko inbertsio atala osotu du; udalaren gain 378.400 euro eta gainerakoa tokiko inbertsio planaren bidez, erabilera askeko funtsaren bidez eta dirulaguntza deialdi desberdinen bidez finantziatuko da. 

Diru kopuruari buruz inbertsio garrantzitsuenak Zuaztoi eta Azpilkuetako saneamenduen, sareen eta zolen berritzea izanen da, 365.450 eta 196.100 euro hurrenez hurren. Bertzalde, 2015eko otsaileko erauntsiek hondatutako Sumutsuako eta Urruxkako bideak konpontzeko 79.000 eta 40.850 euro berezi dira. Lan guzti hauek 2018eko kontuak hetsi artio, maiatzan ez dira hasten ahalko. Bideekin jarraikiz, Iruritako ezkerreko errekako eta Erratzuko Larretako bide nagusiak breaztatuko dira, 115.000 euro. Errepide hauek auzotarren eguneroko bizimodurako oinarrizko ardatzak dira. Bideen mantenimenduarekin loturik sasiak mozteko makina berria erosiko da eta, horretarako, 18.150 erabiliko dira.

Azkeneko urteetan, bertzalde, uda sasoian Arraiozen izan duten ur eskasia saihesteko 46.000 euroko inbertsioa eginen da, Iruritako ur-biltegik hodia paratzeko. Halaber, 2014ko uholdeek hondatutako Giltxaurdi futbol belagia konpontzeko 220.000 euroko inbertsioa eginen da; udalak bere gain 70.000 euro hartuko du. Astero, aste egunez, 380 gaztek erabiltzen dute aipatu futbol belagia.

Gainerakoan haurren parkeetarako 12.100 bideratuko dira eta Elbeteko plaza zolaberritzeko 30.000 euro. Halaber eskoletako lanetarako 30.000 euro eta hondakin organiko sortzaile handiendako konpost ontziak erosteko 57.000 euro. Mendiko lanetan, berriz, 155.000 euroko inbertsioak eginen dira eta udaleko informatika sarea berritzeko 35.000 eurokoa.

Azkenik Bagordiko bide bazterreko zulokak edo kunetak betetzeko 9.500 euro.

Gainerakoan Nafarroako Parlamentuak Amaiurko gazteluaren bisitarien harrera gunea egiteko 250.000 euroko dirulaguntza izenduna eman du eta Oronozko pilotalekua moldatzeko 17.500 eurokoa.

Geroa Bairen emendakina baztertua eta EH Bildu eta Ezkerraren mozioa onartua

Aurrekontuen eztabaidan Geroa Baik desfribiladoreak eta lifeVACak erosteko 8.000 euro eta herrien artean 4.000 euro gehiago banatzeko emendakina sartu zuen. Alkateak erran zien otsailaren 22an egindako ogasun batzordean aurkeztu izatera –aurrekontuen txostenak otsailaren 15erako banatu zitzaizkien- emendakina bideragarria izan zitekeela, baina hondar momenturako utzi zutenez, aurrekontuen tramitazioa gibelaraziko zutela; horregatik EH Bildu, Ezkerra eta Baztan Auzolaneanek emendakinaren kontra egin zuten eta ez zen onartu. Nolanahi ere, EH Bilduk eta Ezkerrak udaltzainen autorako desfibrilagailua eta jangela duten eskoletarako LifeVACak erosteko premiazko mozioa sartu zuten, denera 2.500 euro. Mozioak alderdi guztien babesa izan zuen eta aurrekontuen tramitazioan ez du eraginik, behin indarrean dela aurrekontu moldaketa bidez bideratzen delako.