ESKUALDEKO LANBIDE HEZKUNTZA ZENTROA EGITEKO LURREN KALIFIKAZIO ALDAKETA ONARTU DU BAZTANGO UDALAK


Baztan-Bidasoko lanbide eskola berria egin ahal izateko Oronoz-Mugaireko bidezainen gibeleko aldeko lurren kalifikazio aldaketari behin behineko onespena eman dio Baztango Udalak. Atzo egindako osoko bilkuran 27.000 metro koadro hartzen duten UE-3, UE-5 eta AR-1 lursailak zerbitzu publikoetarako zuzkidura-lurzoru gisa, hau da, dotaziotarako kalifikatzea onartu zuen, orain artio kontsolidatu gabeko  hiri-lurrak eta lurzoru urbanizagarriak baitziren. Orain, Nafarroako Gobernuari dagokio behin-betiko onespena ematea, horrela, 2018ko martxoan hasitako espedientea akituz.

Atzo onartutako txostenean aipatzen denez eskola berriak eraikitako bolumenaren erdia behekoa solairua gehi bi izanen du eta gainerakoan behekoa gehi bat. Lehenengo kasuan teilatuaren hegalera gehienez 10 metroko altuera izanen du eta bigarrenean 7. Bertzalde teilatuak maldan izanen ditu, bertako ohiko ereduari jarraikiz.

Gainerakoan 27.000 metro koadroko lurzatian garraio publikoz aldatzeko tokia egitea aurrikusten da, hau da, interkanbiatzailea.

Aipatu lurren jabea Nafarroako Gobernua da, nahiz usufruktua artzapezpikuarena izan. Hortaz,, eskualdeko lanbide heziketa eskola berriaren proiektuarekin aitzinerat egiteko, lurren kalifikazio aldaketa onartuta artzapezpikuari lur horien usufruktu eskubidea desjabetu beharko dio gobernuak.