HONDAKINEN KUDEAKETARI BURUZKO SENTSIBILIZAZIO EKINTZETAN PARTE HARTU DUTE AURTEN ERE ESKUALDEKO IKASLEEK
Hondakinen kudeaketaren
inguruan Baztango Udalak eta Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateek antolaturiko
hainbat sentsibilizazio ekintzetan parte hartu dute aurten ere eskualdeko
ikasleek.
Eskualdeko ikasleek hondakinen
kudeaketaren inguruan duten informazioa zabaldu eta hauen sentsibilizazioa
haunditzeko intentzioz hainbat ekitaldi antolatu dituzte Baztango Udalak eta
Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateek Nafarroako Hondakinen Prebentziorako
bulegoarekin batera.
Aurtengoan ere gure eskualdeko lehen eta bigarren
hezkuntzako ikasleek hainbat ekintzetan parte hartzeko aukera izan dute
Nafarroan eta eskualdean hondakinen kudeaketan ardura duten entitateen eskutik.
Bertzalde, Doneztebe, Bera, Elizondo eta
Lekarozko istitutuetako ia 300 ikaslek, Iruñerriko Aranguren bailaran kokaturik
dagoen Gongorako Hondakinen Tratamentu planta bisitatzeko aukera izan dute
berriz ere aurtengo ikasturtean.
Ekimen hau urtero Ecoembesek, hondakinak kudeatzeko
sistema integratuak, mankomunitateei egiten duen ekarpena baliatuz antolatu
dute Bortziriak eta Malerrekako mankomunitateek eta Baztango Udalak.
Gongorako hondakinen tratamentu plantan zenbait
hondakinek edukiontzietatik haratago jarraitzen duten bidea ikusteko aukera
izan zuten gure ikasleek, hala nola, zabortegia eta ontzi arinen sailkapen
planta eta bertan duten ingurumen ikasgelan gure eguneroko ekintzek sortzen
duten “Tximeleta efektua” ere ezagutzeko aukera izan zuten. Bisita hauek
hondakinen kudeaketan dituzten ardurak haunditzea eta gai honekiko
sentsibilizazioa piztea dute helburu.