(Iñigo Urizen irudia)
Sustrai Erakuntza
Fundazioaren prentsa ohar bat bidali digu, beren azken ekimenari buruzko
informazioa zabaltzeko. Alegazio berri bat egin behar dute MAGNA enpresak
bere Zubiriko planta handitu nahi duelako. Gainera, zabaldu nahi den
meategiaren inguruko argazki bilduma ere aurki dezakezue https://sustraierakuntza.org/erdizen-argazkiak-bertan-magna-enpresak-aire-zabaleko-meategi-bat-egin-nahi-du/
helbidean sartuz gero. Jarraian, oharraren edukiak bere horretan:
"Ezaguna denez,
Sustrai Erakuntzak aztertu berri du aire zabaleko magnesita meategiaren eragina Erdizen, Artesiagatik gertu. Proiektu
honen ondorioz, ingurumena larriki kalteturik suertatuko da, eta Monte
Alduide Kontserbazio Bereziko Eremua kolokan geratu. Hala ere, MAGNA
enpresaren proiektu berrien eragin latzak ez dira hemen bukatzen. Erdizen
egin nahi dutenaz gain, enpresak beste proiektu bat aurkeztu du Zubirin, hor duten minerala
tratatzeko planta handitzeko asmoz.
Operazio honen
testuingurua behar bezala ulertzeko, komeni da enpresa honen hainbat datu
ezagutzea. Nafarroako Gobernuak emandako Ingurumen-Baimen Integratuaren arabera, enpresak urtero
gehienez 200.000 tona magnesitatik eratorritako produktu ekoitz ditzake, eta
bestelako produktuetako 80.000 tona. Horretarako, urtero 4.500.000 metro
kubiko ur behar ditu, Zubiriko faktoriaren ondotik pasatzen den Arga ibaitik
hartzen dituenak; horrekin batera, Eugi eta Borobíako (Soria) aire
zabaleko meatzetan eskuratzen dituen 400.000 tona
mineral ere erabiltzen ditu. Minerala prozesatu ahal izateko,
40.000 tona petrolio-koke, 4.500.000 metro kubiko gas natural, 20.000 Mw
elektrizitate eta 350 tona gasoil kontsumitzen ditu.
Azken egunotan
gainetik aztertu dugun planta zabaltzeko dokumentazioan, enpresak urteko
ekoizpena 70.000 tona gehiago handitu nahi du. Hain justu, Artesiagan
ireki nahi duten aire zabaleko harrobitik urtero 428.000 tona aterako lirateke,
Zubiriko plantara eramateko.
Egungo
ekoizpenarekin, Zubiriko enpresa da Nafarroan airea gehien
kutsatzen duena, Nafarroako Ekologistak Martxan-ek salatu moduan 2016an.
Urte hartan, MAGNA izan zen sufre dioxido (SO2) gehien isuri zuena Nafarroan,
eta bigarrena nitrogeno dioxidoa (NO2) igortzean, PRTR-España Erregistroan
jasotako isurien datuen arabera. CO2-ri dagokionez, Nafarroan gehien isurtzen
duten enpresak ondokoak dira: Castejongo zentral termikoak, Olaztiko Portland
eta Zubiriko MAGNA. Azken honek, 2017an, 275.501 tona isuri zituen, Diario de Navarrak informatzen zuen bezala Nafarroako
Gobernuaren datuak erabiliz.
Gauzak horrela,
MAGNA enpresak Artesiagan magnesita ateratzeko proiektua jende
aurrean jarri zuen egunetan, Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, Zubiriko planta zabaltzeko inbertsioa foru intereseko izendatu zuen. Eta egun batzuk geroxeago, hori jakinarazi zitzaigun alegazioak egin ahal
izateko zabaltze proiektu honi. Proiektu berri honekin, minerala
prozesatzeko labe berri bat eraiki nahi dute, enpresan ekoizpen-linea berri bat
horrela irekiz.
Beste behin ere,
Nafarroako Gobernuak parte hartze publikoari trabak jartzen dizkio.
Alde batetik, kontsultak uda betean zabaltzen ditu. Beste
aldetik, bi prozesu aldi berean martxan jartzen ditu, zailago
eginez berez teknikoki konplexuak diren gaiak aztertzeko lanak.
Aurrekoa gutxi ez
balitz, Zubiriko planta zabaltzeko proiektuak Nafarroako Gobernuaren oniritzia dauka.
Teorian, edozein proiekturen ingurumen-eraginaren azterketa neutrala izan
beharko litzateke, ikusteko bateragarria ote den ingurumenarekin eta
giza-jarduerekin. Hala ere, kasu honetan, egin beharreko
ingurumen-eraginaren ebaluazioa hastapenetatik erabat
desitxuratuta eta baldintzatuta dago, Nafarroako Gobernuak aldez
aurretik proiektuari oniritzia eman eta “foru intereseko” izendatu duelako.
Beraz, proiektu
hauen aurrean, parte hartze publikoa goitik behera baldintzatua eta
biziatua dago, eta herritarrok ez dugu inolako bermerik prozesu garden eta
neutral bat izateko. Gainera, Zubiriko planta zabaltzeko proiektua estuki
lotuta dago Erdizen ireki nahi duten magnesita-harrobiarekin.
Beraz, agerikoa da enpresaren asmoa, Artesiagan materiala ateratzeko
baimena lortzerako, lehenbaitlehen martxan jartzea Zubiriko
produkzio-linea. Horrela argi dago enpresak handitu nahi duela
bere ekoizpena, eta horretarako Erdizeko magnesita behar duela.
Hala ere, eta uste dugu Erdizeko
meategia ezin dela ireki, holako jarduerak bat egiten ez baitu bere
kontserbazioarekin. Gure web orrialdean, argazki erreportai bat atera dugu
ikustarazteko ustiapen honek ekarriko lituzkeen ondorio larriak.
Erdizen
harrobi-proiektua egitea ezinezkoa bada, Zubiriko plantaren zabaltzea ez da
bideragarria. Beraz, MAGNAren proiektua bertan behera uztea eskatu egin
behar da.
Baina badira arrazoi
sakonagoak proiektu honi ezetz esateko. Lehenago esan bezala, enpresak
sekulako erregai fosil kontsumitu egiten du (petrolio-kokea eta gas
naturala bereziki). Labe berri bat jarriz gero, kontsumoa halabeharrez handiagotuko da.
Kontuan hartu behar
da enpresa hau kutsatzaileenetariko bat dela Nafarroan, sufre eta nitrogeno
dioxidoan, eta Aldaketa Klimatikoan hainbeste eragiten duen CO2an, lehen
esan dugun bezala. Baldintza hauetan, planta berriak kontsumo energetikoa
areagotu eta kutsatzaileen emisioa handitzea ekarriko luke. Oso esanguratsua da
enpresak aurkeztutako proiektuaren dokumentazioan aipamenik ez egitea aldaketa
klimatikoan eduki dezakeen eraginari, erabat derrigorrezkoa dena
21/2013 legean, ingurumen-ebaluazioari buruzkoan.
Are gehiago. Ez dago
onartzerik enpresak eta Nafarroako Gobernuak enplegua erabiltzea txantaje
moduan holako proiektuak justifikatu ahal izateko. Enplegua eta
ingurumenaren defentsa ez daude elkarren aurka, askotan planteatzen duten
moduan; aitzitik, elkarren aurka daude multinazionalen diru-gosea
edozein bide erabilita eta ingurumena eta
enplegu sostengarria defendatzen dugunon artean. Nafarroako Gobernuak
egiazko “foru interesa” izan beharko luke ahalik eta lasterren neurriak
hartzeko enplegua banatu eta sortzeko, aldaketa klimatikoa eta eredu
energetikoaren aldaketa kontuan hartuta.
Bistan da MAGNAren
asmoa, Monte Alduide Kontserbazio Bereziko Eremutik magnesita ateratzeko,
lotuta dagoela haren ekoizpena handitzeko intentzioarekin. Bi proiektu hauekin
aurrera eramanez gero, Nafarroan hurrengo urteotan ingurumenari eta oreka
klimatikoari egin litezkeen erasorik gogorrenak izanen lirateke. Gaur egun bizi
dugun testuinguruan, non larrialdi klimatikoa eta baldintza sozioekonomikoak
okertzen ari diren, holako proiektuek ez dute tokirik, eta okerreko norabidetik
eramaten gaituzte. Bada garaia ingurumenari erasoak gelditu eta aldaketa
klimatikoak eskatzen duen trantsizio soziala eta enplegu duina sortzeko.
Sustrai Erakuntzak dei egiten die Nafarroako herritarrei proiektu txikitzaile
hauen kontra jarri eta alternatiba justuagoen alde aritzeko. Ez dago denbora
galtzerik.