Malen Alzuart: "Elkarlana beharrezkoa izanen da"



Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?

Sobera gauza aditu ditut hau erantzun ahal izateko. Ez dakit hona nola heldu garen, saguzarren erruz, ea dena antolatuta zegoen, naturak arnas pixka bat behar zuen … Orain galdera bertzelakoa da, nola aterako gara hemendik? Aterako ote gara eta zerbait ikasiko al dugu orain artekoaz ala segidan atzenduko dugu?

Gerran gaude?

Orain artekoari ere izen hori ematen ahal zaiola uste dut: gerran ginen eta gerran segitzen dugu, sistemak berak bulkatzen gaitu gerran bizitzera. Ingurura begiratzea bertzerik ez da honetaz ohartzeko: genero zapalkuntza, feminizidioak, maila sozioekonomiko desberdineko pertsonen arteko bereizketa nabarmenak, arrazakeria, prekaritatea, nazio zapalkuntza ... 

Etengabeko lehiakortasun egoera batean bizi garela erranen nuke, maiz ondokoaz kezkatzen ez den jendez inguraturik, "nork berea eta kito". Sistemak aspaldi bulkatu gintuen indibidualismo egoera honetara, eta gerran gaude, bai, eta borrokatu ezean hala segituko dugu. Erosoegia da gizarte hau guti batzuendako. Hala ere Espainiako gobernuak gerrarena aitzakia gisa erabili du militarrak Euskal Herrira bidaltzeko, "kasu, nahi duguna egiten ahal dugu zuekin" - erranez bezala, badakizu-. Argi gelditu da ez ditugula behar. 

Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?

Izan zezakeena baina gutiago erranen nuke. Hasieran ezinen nuela pentsatzen nuen, orain, berriz, ohitzen ari naiz. Hala ere, ikasle gisa, gure eskubideez aritzeko baliatu nahi nuke galdera hau. Psikologia ikasketak egiten ditut Donostian, eta lehen argi banuen ere egoera honek oraindik argiago ikusarazi dit hezkuntza-sistema honek ez duela funtzionatzen: ez ditu ikasleak erdigunean paratzen. Ez ditu ikasleok izan ditzakegun baliabide faltak kontuan, ikasle guztion baliabide ekonomikoak berdinak ez direla atzentzen du, ikasketak etxetik kudeatzeak sor diezazkigukeen herstura eta estresa bortz axola zaizkio ... Lan karga gehiegizkoa da. Ni orain arte ez naiz gehiegi estresatu, baina nire inguruko ikasle eta lagunen artean estresa da nagusi.

Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?

Ezta pentsatu ere! Jendeak ohitura du errateko "pandemia honek denok berdintzen gaituela", baina ni ez nago ados. Pandemia honek edonor kalte dezake, bai, baina denok ez ditugu eritasun honi aurre egiteko baliabide berak. 

Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer adierazten du horrek?

Lan horiek feminizatuak, inbisibilizatuak eta prekarizatuak dira, emakumeek betetzen baitituzte. Orain arte existituko ez balira bezala da, eta orain arratseko zortzietan jendea hauek txalotzera ateratzen da. Norbait oroituko al da lan hauen beharrezkotasunaz hau akitzen denean? Zerbait eginen ote dugu beren baldintzak aldatzeko? Zeren, txaloekin ez da aski... Zaintza lanak beharrezko diren lanak dira, eta zein guti baloratzen diren... 


Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?

Zahar etxean zailtasunak nabarmenak izan dira, denera ezin ailegatuz ibili dira. Bertzalde, Baztanen komertzio ttikiak anitz eta anitz dira, eta hauek itxita egotera behartuak daudenez pandemia honek gogor jo ditu. Nekazari eta abeltzainetaz ere aritu nahi dut, abeltzainak ezin ditu abereak bazkatu gabe utzi, hauek ere zailtasunak izanen zituzten. Gainera, produktuak ezin inguruko komertzio eta ostatuetan banatu ... Izpegin militarrak dabiltza, sarri ikusi ditut etxeko leihotik harat bidean, polizia ere nonahi ...

Baztanen nola egin aurre pandemiari?

Elkarlanean. Elkarlana beharrezkoa izanen da, bai Baztanen eta bai alde guzietan. 

Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira. Interneten topatuko al dugu elkar?

Seguraski bai! Online klaseetan ez bada lagunekin bideo-deiak egiten, talde-lanak, bilerak...

Egoera honen aurrean, borroka da …

Borroka beharrezkoa da... Ez honi aurre egiteko bakarrik, lan anitz dugu egiteko zenbait arlotan. 

Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke. Zergatik?

Ni arras poesia zalea naiz, eta horregatik eta duen balioa ematen ez zaiola uste dudalako, poesia gomendatuko dut.  Bide batez, omen ttiki bat egin nahi diet euskal preso politikoei, gure egoera gogorra izan bada, haiena ez dut pentsatu ere egin nahi... Isolatuta hainbat urtez, eta gainera orain bisitarik ezin jaso... Uste dut ez garela guztiz kontziente egoeraz. Hortaz, Sarrionandiaren Kartzelako poemak. Ione Gorostarzuren Ez da erditzea ere aholkatuko dut, hark dioen gisara "ez baita erditzea, bikoiztea baizik".