Euskaraldiaren prestakuntza saioa


euskaraldia bilaketarekin bat datozen irudiak
Azaroak 6an, datorren asteazkenean, izanen da Euskaraldiaren prestakuntza saioa, arratsaldeko 19:00etan, Arizkunenean.

Euskaraldia, hizkuntza-ohiturak aldatu eta ahal den guztietan euskaraz egiteko helburua duen ekimena, azaroaren 23tik abenduaren 3ra eginen da. Euskal Herri mailako ariketa izaki, eskualdeko herrietan ere bat egin dute. 11 egun horietan, 16 urtetik goitiko herritarrek ahal den guztietan euskaraz egitea nahi da, lehenbiziko hitza euskaraz egitea, alegia, euskaraz jakin eta ulertzen dutenekin euskaraz aritzea eta ulertzen dutenek horretarako bidea zabaltzea.

Ariketa horretarako bi rol sortu dira Euskaraldian: Ahobizi eta Belarriprest. Euskaraz ongi moldatzen dena eta euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz eginen duena Ahobizi izan daiteke, baita ezezagunei lehenbiziko solasa euskaraz eginen diena ere.

Belarriprestak, berriz, euskaraz ulertu bai, baina solastatzeko gai sentitzen ez direnak izan daitezke, baina beraiei euskaraz egiteko aukera emanen dutenak, nahiz eta beraiek erdaraz edo euskaraz erantzun.  

Baztanen 2017ko udazkenean hasi ziren Euskaraldia prestatzen eta, denbora honetan, Euskaraldia jendarteratzeko jarduera aunitz egin dira: aurkezpen saioa, tailerrak, udako kanpaina… Orain, 11 egun horietan ahalik eta gehien euskaraz bizi eta mintzatzea tokatzen da. Izan zaitez zu ere Ahobizi edo Belarriprest!!!