Jarraian, Durangon egin ziren Jardunaldi Feministei buruzko Xareta-Baztan-Bidasoako talde feministen hausnarketa:
Hilabete hasmentan
Euskal Herriko Jardunaldi Feministetarat joan ginen eskualdeko emakume* koadrila
bat. Salda zegoela iragarria ziguten eta salda hura probatzeko irrikatan
ailegatu ginen. Probatu bezain agudo, arrenak nahasi zitzaizkigun, eta iragarpenak espero bezala bete ziren.
Ikuspegi eta hausnarketa anitz aditu genituen, guztiak aberasgarriak eta
irakaspenerako tresna aski baliagarriak.
Orain, Durangotik
bueltan etxean gaude, mendeetan gure babesleku izan diren mendien artean.
Hemen, lasaitasunez eta seguru sentitzen
garen eremuan, gure erritmorat, gure txokoan, izan dugu gure zapalkuntza eta pribilegioei
buruz hausnartzeko tartea.
Ahoan bilorik gabe
mintzatu zitzaizkigun Durangon, bakoitza bere egiaren jabe. Eskertu genuen
errealitate ezberdinen argazkiaren berri ematea, eta zapalkuntza horien guztien
aitortzatik abiatzen dugu gure hausnarketa. Modu batean edo bertzean denak
pribilegiatuak eta zapalduak garelakoz, hierarkiak alde batera utzita. Herri eta klase zapalduko emakume* gisa, argi
dugulakoz bertzeen mina gurea ere badela, eta gu ez garela aske izanen guztiak
aske izan artio.
Aipatutako
jardunaldietan bertze anitzek bezala, gure borroka baztertua, ikusezina, eta
bigarren mailakoa zela sentitu genuen. Euskara erdigunean egonen zela iragarria
bazen ere, laster konturatu ginen, alderantziz izanen zela. Eman ziren
hitzaldi, tailer eta eztabaidetan %40rat ere ez baitzen ailegatu euskararen
erabilera.
Hizkuntza
kolonialean aditu behar izan genituen bertaratutakoen hainbat mezu. Momenturen
batean gainera, harro eta botere posizio
batetik betiere, hizkuntza koloniala
euskararen aldean egokiagoa zela saldu nahi izan ziguten, euskara gauza batzuk
azaltzeko baliagarria ez dela ulertaraziz. Orrialde hau betetzeko bezainbertze
adibide ditugu euskaldunon eskubideen kontrako erasoak kontatzeko. Horrelako
egoerak kudeatzeko inolako lanketarik egon gabe. Herri kolonizatu honetan
etenik gabeko kolonizazioan gaudelakoz.
Hain da ikusezina
bizi dugun zapalkuntza, non jardunaldien akabailan, berriz ere botere posizio
batetik, euskarari eman zitzaion trataera ospatzeko modukoa zela sinestarazi
nahi izan baitziguten. Ez zen euskarak eduki zuen bazterketa egoeraren inguruko
inolako autokritikarik izan.
Laburbilduz: hizkuntza ez da neutrala, bi hizkuntza
zapaltzaile daude herri honetan (espainola eta frantsesa) eta bertze bat
zapaldua (euskara). Kolonizazioaren armarik nagusiena eta eraginkorrena
hizkuntza da, eta herri honetan hizkuntza koloniala erabiltzen dugun aldiro,
gure kolonizazioan sakondu eta dekolonitatetik urruntzen gara. Hau horrela
izanik, euskaraz mintzatzea ekintza feminista da.
Hizkuntzak, bertze
gauzen artean, mundua ikusteko modu bat ematen digu. Bertze jatorrizko
herrietan bezala, lurrarekin komunikatzeko eta oreka mantentzeko ezinbertzeko
tresna da. Gure mendiei, errekei, animaliei eta zuhaitzei izena ematen dion
horrek erakusten digu bidea. Landa eremuan bereziki mantentzen den ikuspegia
da, hirietako adreilu eta zementuak arruntean estaltzen duena. Nabarmen gelditu
da jardunaldi hauetan ere, guk hiriaren berri izanagatik, hiritarrek ez dutela
gure berri. Landa eremuko emakumeak*
historikoki lurra eta hizkuntzaren defentsan bete dugun paperagatik egon gara
bereziki sistema heteropatriarkalaren eta kolonialaren jomugan. Euskal Hiritik
teorizatzen dugun bitartean, Euskal Herria itotzen ari da. Lurraren eta
hizkuntzaren kontrako etengabeko eraso honetan,
feminismotik ditugun gabeziak nabarmenak dira. Lurraren eta jatorrizko
herrien defentsa bizitza beraren defentsa den arren.
Etorkizunerat
begira, argi dugu gure esku dagoen lana dela ikuspegi hau jorratzea eta
plazaratzea. Argi dugu baita ere, bildu ginen 3000 emakume* ingururen artean
aunitzez gehiago dela batzen gaituena bereizten gaituena baino, eta elkar
aitortzatik zubiak eraikiz, lortuko dugula Euskal Herri
feminista, euskalduna
eta lurrari atxikia dena eraikitzea. Denak elkarrekin, auzolanean.