“Hokoke, hokoke.
Damun fi oroke. Lan hansaha lau adamuni”. Arabierazko hitz hauek, “nire
eskubideak zainetan dudan odola dira. Ez naiz haietaz ahaztuko hiltzen banaute
ere” erran nahi dute eta Azkoiengo Huerta de Peraltako langileen ahotan entzun
genituen greban izan ziren bitartean.
150 langile dira
bertan, denak etorkin marokoarrak, eta negutegietan letxugak eta barazkiak
jasotzen dituzte. Enpresa batzordeko lau kide kaleratuak izan ziren eta berriz
hartzeko exijituz, eta enpresak, hitzarmena ez betetzeagatik, zor zizkien
440.000 euroak itzultzeko eskatuz, greba hasi zuten 2019aren hasieran.
Borroka honen berri
lau haizetara zabaldu zen eta horrela jakin genuen etorkinak zirela beren
eskubideak defendatzen zituztenak, negutegien negozioan sasi-esklabotzan bizi
diren beste milaka etorkinentzat eredugarria izan zitekeen planteamendu batekin.
Grebalarien
manifestazioak eta haiekiko elkartasun adierazpenak ugariak izan ziren, “bertako edo kanpoko, denok langile klaseko”
eta antzekoak entzun ziren han eta hemen, erresistentzia kutxa antolatu zen …, eta
egoera honen aurrean, Foru poliziak errepresioarekin erantzun zuen, langileak
egurtuz, atxilotuz, isunak jarriz, epaitegira bidaliz …
Borrokaren emaitza,
ordea, bikaina izan zen, langileek beren eskaerak betetzea lortu zutelarik.
Horren guztiaren
testigantza dakar “Hakoke” dokumentalak LAB sindikatuaren eskutik, eta
azaroaren 20an ikusgai izanen da Arizkunenea Kultur Etxean, arratsaldeko
19.00etan.