Elikadura
iraunkorrak osasunean eta lurraldearen egituraketan duen garrantziaz
eztabaidatuko du Baztango ordezkaritza batek bertze 15 udalerritako
ordezkariekin, azaroaren 21-23ra bitartean, Murtzian eginen den Agroekologiaren
Aldeko Hirien sareko III.urteroko Batzar Nagusian. Biltzarraren gaia “Tokiko
elikadura iraunkorra, jendeendako eta lurraldearendako osasuntsua” da eta Murtziako Unibertsitateko Merced Campusean
eginen da. Bertan Baztango Udaleko gizarte teknikari batek parte hartuko
du eta estatuko bertze 15 udalerrirekin esperientziak elkar trukatuko ditu.
Aurtengo udaz gero
Baztanek Agroekologiaren Aldeko Hirien Sarean parte hartzen du, tokiko bertze
erakundeekin estatuko eta Europako markoan baliabideak eta esperientziak
elkarbanatzeko. Sarea biziki lagungarria da elikadura iraunkor eta osasuntsuari
buruz udalean abian diren ekimenak laguntzeko.
Sarea
2017tik Zaragozako eta Valentziako udalek bulkatu dute eta “Entretantos” eta
“Daniel eta Nina Carosso” fundazioek
laguntzen dute, lehenak laguntza teknikoa emanez eta bigarrenak finantziazioan.
Sarea eratu eta urte batera dagoeneko 17 udalek parte hartzen dute bertan eta
tokiko elikadura iraunkor eta osasuntsuaren alde egiten du. Hauek dira parte hartzen duten udalak: Aínsa,
Baztan, Córdoba, El Prat de Llobregat, Fuenlabrada, Godella, Granollers,
Huétor-Vega, Madrid, Meliana, Murcia, Navás, Iruñea, Rivas-Vaciamadrid,
Valencia, Valladolid, Zaragoza.
Prentsa
agerraldiaren ondotik Sareko Batzar Nagusia eginen da eta bertan zuzendaritza
berria hautatzea aurrikusten da, 2020ko laneko plana onartu bidenabar. Kide diren erakundeetako ordezkariekin
esperientziak trukatuko dira, heldu den urteko “Osasuna eta elikadura
eskubidea” kanpainaz mintzatuko dira, kide berrien atxekimenduaz eta elikadura
politikak estatuko markoaren agendan txertatzeaz. Sarean ordezkatuta dauden
aukera politikoen aniztasunak aukera ona ematen du horretarako.
Sareko
batzarrarekin bat, ortzegunean, azaroaren 21ean, arratsaldean, Sareko Erakunde
Sozialen Kontseiluko bilkura eginen da: elikadura iraunkorrarekin engaiatutako
erakunde sozial eta profesionalen biltzarra hain zuzen. Helburua da elikadura
politika iraunkor eta osasuntsuen koprodukzioan eragile sozialen ardura zein
den eztabaidan sakontzea.
Ortziralean,
azaroaren 22an, Sareko Batzarra osatuz jardunaldi teknikoa eginen da eta bertan
murtziarrek eta Sareko kide ez diren edozein lurraldeko udalek eta erakundek
parte hartzen ahalko dute
Goizean mikroponentziekin
hiru gune izanen dira: elikadura gobernantzaz, agroekologia ekintzailetza
aholkularitzaz eta elikagaien banaketarako tokiko sareetaz aritzeko. Ondotik
Sareko oraingo lan-taldeen bilkurak eginen dira (erosketa publiko iraunkorra;
osasuna eta Elikadura Eskubidea, Udal ttikiak eta Udalez gaindiko erakundeak;
eta ikerkuntza). Azkenik, eztabaidarako tarte zabala izanen da. Gaur egun
Baztango Udalak osasuna eta Elikadura Eskubidea lan-taldean parte hartzen du
eta laster Udal ttikien eta Udalez gaindiko erakundeen taldean hasiko da.
Atsaldean,
bertzalde, hiru mintzaldi izanen dira: Komunikazioa eta agroekologia;
Elikadura, eraldaketa sozialerako zeharkako gaia eta Murtziako udalaren
sustapen agroekologirako planari buruzko, aurkezpen horrekin hain zuzen,
akituko da aurtengo batzarra.